Buruntzaldea IKTren uzta oparoa Euskal Herriko txapelketetan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uztailaren 5a

Txapelketaz txapelketa ibili dira Buruntzaldea IKTko igerilariak asteburuan. Junior eta absolutuek Euskal Herriko txapelketa jokatu zuten; infantilek, berriz, Udarako Euskal Herriko txapelketa. Maila bikaina eman zuten denek.

Buruntzaldea IKTko igerilari infantilak ez ziren esku hutsik bueltatu herrira, ezta gutxiagorik ere. Uzta oparoa jaso zuten Irunen jokatutako Udarako Euskal Herriko txapelketan: urrezko domina bat, zilarrezko beste bat, eta brontzezko bat. Horrez gain, taldeko hiru errekor berri, zazpi marka pertsonal eta Espainiako txapelketarako sailkapen berri bat ere erdietsi zituzten. Eta hori dena, bi igerilariren artean: Nahia Jie Villamediana eta Irati Arzalluzen artean.

Arzalluzek 50, 100, 200 eta 400 libre probetan hartu zuen parte. Ederki aritu zen denetan: 50ekoan ezik, guztietan markak ondu zituen. 100ekoa izan zen guztien artean bereziena. 1:03.07ko denbora egin, eta Espainiako Txapelketan parte hartzeko txartela poltsikoratu zuen. Hilaren 27tik 31ra bitartean Malagan ariko da igerilari gaztea.

Junior eta absolutuak Gasteizen

Asteburu bat lehenago, ekainaren 25ean eta 26an, junior eta absolutuek Euskal Herriko txapelketa jokatu zuten Gasteizen. Kategoria absolutua zenez, infantil eta alebin batzuk ere lehiatu ziren han, gutxienezko markak baitzituzten. Ederki aritu ziren horiek ere, urre bat, zilar bat, bi brontze, taldeko hamar errekor berri eta zazpi marka pertsonal lortuz. Kategoria guztiak aintzat hartuta, Buruntzaldea IKTko hamaika taldekide aritu ziren Araba aldean.

Junior eta absolutuen denboraldi amaiera ez da izan "onena", Borja Apeztegia prestatzailearen hitzetan. "Hala ere, txukun aritu ziren, eta, gure aldetik, egindako lanarekiko kexarik ezin dugu jarri", gehitzen du. Iñigo Ibarburuk erdietsi zituen emaitza onenak Gasteizen. 100 tximeletan txapeldun izan zen 58.34ko denborarekin; 50 tximeletan, aldiz, txapeldunorde, 26.16ko denborarekin. Asteburuko jarduna brontze batekin biribildu zuen, 800 libre proba gogorrean irabazitakoarekin: 8:56.28 segundoko marka egin eta taldeko absolutu mailako errekor berri bat ezarriz.

Igeriketa egokituko Euskal Herrikoa

Buruntzaldea IKTko kide (nahiz eta Konporta taldearekin aritu Gasteizen) Nahia Zudaire jaun eta jabe izan zen igeriketa egokituko Euskal Herrikoan. Lau proba burutu zituen eta bikain aritu zen gaztetxoa guztietan.

50 bizkar eta 100 zein 200 librean nagusi izan zen Nahia Zudaire. 50 librean, berriz, zilarrezko domina eskuratu zuen. "Txapelketa bikaina osatu zuen Zudairek; bere ibilbidean aurrerapauso handiak ematen ari dela erakutsi zuen, etorkizunera begira oso garrantzitsuak izango direnak", zehaztu du Apeztegiak. Lortutako emaitzak medio, Euskal Herriko txapelduna izan zen absolutu mailan. 

Apeztegiak txapelketaren balantzea egiten du: "Ekainaren 25 eta 26koa asteburu ona izan zen orokorrean; nagusiek onena ezin emanaren penarekin baina gaztetxoak gogotsu eta indartsu ikustearekin pozik joan ginen Gasteiztik. Segi behar dutenei, animoak, eta jada oporrak hartu dituztenei zorionak egindako lanagatik".