Herriko ordezkariak Donosti Cup txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 7a, 18:00

Ostadar SKTren izenean bi talde ari dira Donosti Cup entzutetsua jokatzen. B11 kategoriakoa da bat, eta B18koa bestea. Bigarren fasean murgilduta daude.

Aurten ere herriak baditu ordezkariak Donosti Cup txapelketa entzutetsuan. Ostadar SKTren izenean bi talde ari dira jokatzen.

B11ko mutilek osatzen dute taldeetako bat. Lehenengo fasean ederki aritu dira Javi Martinez, Rafa Hurtado eta Gaizka Martinezek zuzendutako jokalariak. Hiru norgehiagokatik bi irabazita, txapeldunen fasera sailkatu dira. Final hamaseirenetako norgehiagoka gaur goizean jokatu dute, Revelation FAren kontra. 3-0 nagusitu dira herritar gaztetxoak. Taldea honako neska-mutilek osatzen dute: Ugaitz Igarriz eta Gorka Garcia (atezainak); Nora Linazasoro, Aimar Lizaso, Eneko Marcos, Unai Saizar, Xabi Martinez, Ander Ormazabal, Shanti Martin, Beñat Calvo, Oier Mateos, Lander Hurtado eta Lander Astiazaran.

B18koen txanda arratsaldean

Ostadar-Saizar taldea sortu dute herriko hainbat gaztek, Donosti Cup delakoaren aurtengo edizioan aritzeko. B18 kategorian ari dira lehian. Multzoan gauzak ez zaizkie oso ongi joan; neurketa bat irabazi dute eta beste biak galdu. Ondorioz, kontsolazio fasea jokatuko dute gaur arratsaldetik aurrera. 19:00etan dute final zortzirenetako neurketa, Herreran.