Ez ziren Castellondik esku hutsik bueltatu Espainiako aire libreko junior txapelketan parte hartu zuten atletak. LOKErekin entrenatu eta Realarekin konpetitzen duen Itoitz Rodriguezek brontzea irabazi zuen 200 metroetan. Oscar Goikoetxeak zehaztu zuenez, helburuetako bat 48 segundotatik jaistea zen, baina xede hori ezin izan zuen lortu azkenean Rodriguezek: 48.42 segundotan geratu zuen kronometroa atleta gazteak. “AEBetan denboraldi luzeari egin dio aurre aurten, baina hala ere brontzea lortu du; ea Gijonen (Asturias) jokatuko den Espainiako absoluturako gasolinarik geratzen zaion”.
LOKE taldeak beste hiru ordezkari eraman zituen Castellonera. Eneritz Bustok 100 metro hesietako proban hartu zuen parte, eta laugarren postua eskuratu. Dominarik lortzerik izan ez bazuen ere, “oso ongi” konpetitu zuen atleta gazteak, Goikoetxearen aburuz: “Marka pertsonala birritan hobetu zuen eta aintzat hartu behar da proba honetako lehenengo bi sailkatuek junior mailako munduko txapelketan parte hartzeko gutxienekoak egin dituztela; maila handiko proba zen”.
Ane Galardik jauzi hirukoitzean eta 100 metroetan konpetitu zuen. “Ederki aritu zen, bi probetan eginda zituen markak hobetzea lortuz”.
Maider Rekondo hiru diziplinatan lehiatu zen: disko, pisu eta jabalina jaurtiketetan. “Bi hilabete eman ditu entrenatu gabe, ikasketak tarteko, eta hala ere bi laugarren postu lortu ditu, eta seigarren bat; hori gutxi balitz, jabalina jaurtiketako proban hiru metrotan ondu du aurreko marka”. Goikoetxeak nabarmentzen du “lastima” dela dominarik lortu ez izana: “Entrenamendu faltak eragina eduki du horretan”.
Denboraldia amaitu aurretik, Gijonen zita garrantzitsua edukiko du LOKEk. Bi atleta ariko dira bertan: Itoitz Rodriguez 400 metroetan eta Eneritz Busto 100 hesietan. Uztailaren 23 eta 24an jokatuko da.
Maria Eugik bi domina
Atletico San Sebastian taldean aritzen da Maria Eugi herritarra. Txapelketa bikaina burutu du hark ere, eta herrira brontzezko domina pare bat ekarri ditu bueltan. Horietako bat 200 metroetan kolkoratu zuen. 25.01 segundoko markarekin igo zen podiumaren hirugarren mailara. 4x100 erreleboetan ere hirugarren izan zen herritarra, beste hiru taldekiderekin batera: Nora Orduña, Irati Mitxelena eta Maria Mujika. 47.18 segundoko marka puska egin zuten. Sasoi bikaina egiten ari da Eugi.