Mugikorraren bitartez Udalaren Wifian izena eman ahal da

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urriaren 2a

Lasarte-Oriako Udalak jakitera eman duenez, herritarrek alta eman dezakete Udalaren wifi sarean mugikorretik. Era honetara, udal-sarea erabili nahi duen herritarrak beste sarbide bat du eskura.

Udalak azaltzen duenez, honi esker, gaur egun, sarean sartu ahal izateko hiru bide dauka herritarrak. 

Batetik, Udalaren liburutegiko bazkidea eta adinduna izatea eta eskaera zerbitzu horretan egitea. 

Bestetik, e-DNI, IZENPE edo ONA txartela edota erabiltzailea identifikatuko duen beste edozein ziurtagiri digitalez baliatzea, Udaleko zerbitzu digitalen loturan: Administrazioko webgunea, Online zerbitzuak, Bestelako tramiteak eta kontsultak. 

Horretarako, txartel-irakurgailua daukan ordenagailu bat eduki behar da. Udalak badauka mekanismo horretaz hornitutako kiosko bat udaletxeko beheko solairuan.

Azkenik, auto-altako formularioa erabili dezakete herritarrek. 

Etorkizuneko erabiltzaileak, konektatzeko erabili nahi duen ekipoaren bitartez, eskatzen zaizkion datuak bete beharko ditu eta bere izenean daukan telefono mugikor baten zenbakia eskatuko zaio. Sistemak egiaztapen SMS kode bat bidaliko dio, zerbitzuan alta emateko. Legearen aurrean, mugikorraren titularra izango da Udalaren wifi sarea erabiltzearen erantzule.

Wifi eremuak

Udalak gogorarazten duenez, Lasarte-Oriako udal-eraikin hauetan du eskuragarri Wifia: Udaletxea, Villa Mirentxu, Euskaltegia, Kiroldegia, Michelingo Kirol Guneko zelaiak , Manuel Lekuona Kultur etxea, Gaztelekua eta Lan eta Zerbitzuetako Pabiloia.