Etxe tasatuen zozketa urriaren 13an

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 3a, 11:30

Lasarte-Oriako Udalak ete Neinor Norte enpresak uztailean Goiegiko Ibarrean besteak beste, 36 etxebizitza eraikitzea hitzartu zuten. Herritarrek promozio honetan izena emateko aukera izan dute irailera arte. Eskatzaile kopurua dela eta, etxebizitzak esleitzeko zozketa egingo da.

Neinor Norte enpresak urriaren 13an, Goiegiko Ibarrean prezio tasatuko 36 etxebizitza libre eta dagozkien eranskinak adjudikatzeko zozketa egingo du: logela bateko 3 etxebizitza, bi logelako 15 etxebizitza eta hiru logelako 18 etxebizitza.

Etxebizitzek prezio tasatua  eta udal-etxebizitza libreen izaera dute, Lasarte-Oriako Udalaren eta Neinor Norte, S.L.U. enpresaren artean sinatutako hitzarmenaren arabera.

Izen-emate zerrendak

Etxebizitza hauetako esleipendun izateko uztaila eta iraila bitartean izena eman behar zen. Udalak aditzera eman duenez, udalerrian erroldatutako eskatzaileak salgai dauden etxebizitzak baino gehiago direnez, etxeen esleipena zozketa bidez egingo da. 

Izena emandako erroldatuen behin-behineko lista Neinor Homes enpresaren www.neinorhomes.com webgunean eta Lasarte-Oriako Udalaren www.lasarte-oria.eus webgunean argitaratuko da urriaren 5ean.

Urriaren 6an lista horri buruzko alegazioak egin ahalko dira. Behin betiko lista 2016ko urriaren 10ean argitaratuko da.

Zozketa

Prozesuaren legezkotasuna eta gardentasuna bermatzeko, zozketa notario baten aurrean egingo da 2016ko urriaren 13an, 10:00etan, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur etxeko hitzaldi aretoan.

Bonbo batean bola bat sartuko da izena emandako eskatzaile bakoitzeko. Zenbakia bat etorriko da egindako inskripzio-agindua egiterakoan emandakoarekin.

Bola bakarra aterako da. Zenbaki hori eta hurrengo 35ak izango dira zortekoak.

Esleipenaren lista ofiziala urriaren 14an argitaratuko da, bai udalaren bulegoetan, baita Neinor Homesen webgunean ere.

Aukeraketa

Lehenbiziko 12 esleituek urriaren 17an konfirmatu beharko dute hautatu duten etxebizitza, hurrengo 12ek urriaren 18an, eta gainerako 12ek urriaren 19an.

Bakoitzak 2 etxebizitza hautatzeko eskubidea izango du, 1 eta 2 lehentasun-ordenarekin. Ezarritako epean bere hautapena konfirmatzen ez dutenek galdu egingo dute hautatzeko eskubidea.

Erreserbako kontratua 10 laneguneko epean formalizatu beharko da, 2016ko urriaren 20tik azaroaren 4ra, biak barne. 

Epea igarota erreserbako kontratua formalizatu ez bada, Neinor Homesek beste eskatzaile baten eskura jarriko du, dagokion txanda errespetatuz.

Esleitu gabekoak

Esleitu gabeko etxebizitzarik geratzen bada, zerrendan azken zenbakitik aurrera deituko zaie eskatzaileei.

Erroldatuek eskaintza betetzen ez badute, inskribatu gabekoen zerrendara pasako da. Esleipenaren hurrenkera inskripzioko unean emandako zenbakiaren arabera izango da.