Buruntzaldea IKTko hamahiru igerilari lehiatu ziren Azpeitian, Udako Gipuzkoako txapelketan. Infantil, junior zein absolutu mailan maila ederra eman zuten denek. Absolutu mailako sailkapen orokorrean hirugarren postua eskuratu zuen Iñigo Ibarburuk; infantilek, berriz, bi domina, hamalau marka pertsonal eta taldeko errekor berri bat.
Aipatu igerilarietako batzuk euren udarako azken txapelketan hartu zuten parte. Beste batzuk, ordea, zita hori baliatu zuten asteburu honetan jokatuko den Euskal Herriko txapelketa prestatzeko.
Iñigo Ibarburu, podiumean
Absolutu mailako sailkapen orokorrean hirugarren postua erdietsi zuen Iñigo Ibarburuk, eta, beraz, podiumera igo zen. Kategoria horretan ez da dominarik banatzen ordea, eta proba desberdinetan egindako markak batuta osatzen da sailkapena gero. Herritarrak 1.500 libre -garaile izan zen honetan, 16:26.02ko denborarekin-, 50 tximeleta, 100 libre eta 50 libre probak burutu zituen. "Ez dago oraindik sasoi betean, baina erakutsi du ukaezina dela bere maila altua", zehaztu du Borja Apeztegia entrenatzaileak.
Taldekako sailkapenari dagokionean, Buruntzaldea IKTko ordezkariak ederki aritu ziren. Mutilek hirugarren postua erdietsi zuten, eta seigarrena neskek. Sailkapen orokorrean, taldea bosgarren onena izan zen. "Bikainak izan dira emaitzak, kontuan hartuta igerilari gutxiago aritu zirela gure taldean, besteekin alderatuz".
Infantilen uzta oparoa
Arestian esan bezala, Buruntzaldea IKTko gaztetxoak ederki aritu ziren Azpeitian. Lortutako emaitzen artean bi brontzezko domina daude: Irati Arzalluzek 50 librean eta Nahia Jie Villamedianak 200 estiloetan lortutakoak.
Horrez gain, kategoria horretako igerilariek hamalau marka pertsonal ondu zituzten, eta taldeko errekor berri bat ere ezarri zuten.