Aurtengo aurrekontua “udaletxeko ogasun sailean dagoen pertsonal arazoa dela eta oso berandu aurkeztu da” aipatu du Jesus Zaballos alkateak. Hala ere, batzarraren ostean pozik azaldu da honek izan duen babesarekin. 25 milioiko aurrekontua izango da tartean hainbat lur sail saltzea espero delako Zabaleta Berrikoa eta Zatarain-Kaxkarro tartean.
Inbertsioak
Diru horretatik zuzenean inbertsioetarako 4 milioi euro izango ditu udalak. Besteak beste, Orian zebra bidea eta botoidun semaforoa jarriko dira gunea oinezkoentzat txukuntzeko. Buenos Aires-Aldapa gunearen urbanizazioa egingo da, haur parkeak estaltzeko diru partida gorde da, Sasoetako bost plazen urbanizaziorako proiektuak egingo dira, Jaizkibeleko hiru plazen erauzketarako proiektua eta San Martzial eta Uzturre urbanizatzea gauzatuko da.
Andatza 4 parean ranpa bat egingo da eskaileren ondoan, Goikaleko konponketak egingo dira, kaleak asfaltatzeko beste partida bat gorde da baita herriko argiteria aldatu eta berritzeko ere. 100.000 euro bideratuko dira herriko parkeetako jolasak aldatzeko ere.
Jubilatuen elkartean leiho guztiak aldatuko dira eta honen larrialdietarako irteera egingo da honetarako alboko lokal bat erosita. Pablo Garaikoetxea eta Andre Joakina Eneako leihoak ere aldatuko ditu udalak.
Kirolaren esparruan, hainbat lan egingo dira kiroldegiko estalduran, korrika egiteko zintak eta spinning gelako bizikletak erosiko dira. Michelingo kiroldegiaren proiektua egiteko dirua gorde da baita Atsobakarreko futbol zelaiarena egiteko ere. Egun Michelingo garajeetan dauden ur filtrazioak konponduko dira.
Udaltzainentzat auto berri bat erosiko da eta Mercero gunea txukunduko da, erakusketa gela eta hitzaldi gela behar dituzten baliabideekin hornituz.
Pertsonalari dagokionez, barne sustapeneko bost udaltzain kabo eta administrazio elektronikoa eta herritarren arretarako teknikari bat izendatuko dira.
Bestalde, udal lege berriak aipatzen duenez, EHBilduk liberazio erdia izatetik osora izatera pasako da oposizioko talde handiena delako. Horrela Pablo Barrioren jarduna luzatuko da.
Diru laguntzak
Udalak ematen dituen diru laguntzei dagokionez, guraso elkarteei bideratutako diru laguntzak igo egin dira, Aterpearena ere bai, enplegua sustatzeko bi laguntza lerro berri martxan jarri dira eta Gizarte Zerbitzuetan ere beste laguntza lerro bat jarri da pobrezia energetikoari aurre egiteko.
Orokorrean, alkateak nabarmendu du murrizketarik gabeko aurrekontua izan dela eta aurreko gobernuak martxan jarritako lan ildoei jarraipena eman diela. Aurrekontu hauentzat 28 emendakin proposatu dituzte alderdiek eta hauetatik, 4 kendu dira eta 5 onartu dira gainontzekoak ezetsiak geratu direlarik.
Lasarte-Oriak ahal du taldeak batzordean abstentzioa eman arren, batzarrean botoa aldatu eta alde azaldu da gobernuak gainontzekoen proposamenak txertatzeko egindako ahalegina aitortu eta 2017koetan Basaundiko berrantolaketa sartzeko konpromisoa eskuratuta.
EHBilduk kontrako bozka eman du azkenean batzarrean gobernuak “inolako ahaleginik ez duelako egin gurekin elkartu eta adostasuna bilatzeko gure emendakinak onartzeko”. Horretaz gain, etxebizitzari dagokion politikarekiko erreparoa dituztela azaldu du Pablo Barriok.
EAJk berriz, abstentzioa eman du masa salarialaren muga gainditu delako eta kontratazioak egiteko legea zorrotza delako esparru honetan. Udalak ez du legea beteko “eta guk ogasun saila eraman genuenean ahalegina egin genuen beti hau betetzeko. Honek eragiten du aurrekontua inpugnagarria izatea.