Ttakun kultur elkarteak urtero bezala hainbat ekitaldi antolatu ditu San Pedro jaien baitan euskal giroa festetan presente egon dadin.
Adin guztientzako ekintza sorta prestatu da aurtengoan eta ohi bezala herritarren aldetik harrera ona izatea espero da.
Hauetako batzuek arrakasta ziurtatuta dutela esan daiteke, Sorgin Dantzak eta Zikiro afariak esaterako.
Patxintxi Sariak
Gaur San Pedro jaiei hasiera emango zaie haurren txupinazoarekin. Honen ostean Ttakunek lehenengoz, Gure Patxintxi sariak banatuko ditu. Patxintxiak Lasarte-Oriako 65 urte gorako pertsona maitagarri eta goxoak dira. Herritarrek bidalitako hautagaiak Ttakunen sare sozialetan jarri eta bozketa irekia egin da. Gaur jakingo da zeintzuk diren herritar maitagarri hauek. Sarituek txapela eta Goiegi jatetxean bi pertsonentzako afaria eskuratuko dute.
Jarraian azken urteetan ohikoa den bezala, etxeko txiki eta gazteak izango dira jaietako ekintzekin ondo pasatzeko aukera izango dutenak.
12:00etan, haurren txupinaren ondoren, 13:30ean, haurrak kalejiran joango dira Atsobakarreko parkeraino Oriako txarangarekin. Bertan, 14:00etan, haurren bazkaria, makarronada erraldoia antolatu du Ttakunek. 250 umerentzat izango da.
8 eta 12 urte arteko gaztetxoak Okendo plazatik aterako dira kalejiran Atsobakar auzoraino, bertan makarroiak bazkalduko dituzte.
Bazkalostean, 15:00ak aldera, ur jolas arrakastatsuak egingo dituzte. 16:00etan Busti Blai egingo dute. Horrela, ur jolas ezberdinak burutuko dituzte haurrek 16:30ak arte.
Ikastetxeetan aurreko astean lagun koadrilaren izena eta irudiarekin margotutako kamiseta dotoreak erakusteko aukera izango dute gainera haurrek egun honetan.
Omenaldia
Jaietako adierazgarri da Sorgin Dantza eta aurten ere ez du hutsik egingo. Iazkoa azken urteetako Sorgin Dantzarik jendetsuena izan zen.
325 bat herritarrek parte hartu zuten eta arrakasta errepikatzea da antolatzaileen nahia.
1994tik antolatzen du Ttakun elkarteak eta dagoeneko Lasarte-Oriako herriaren eta bertako festa nagusien ikur bihurtu den Sorgin Dantza. Aurten ere Okendo plazan burutu dira entseguak hilabete osoan zehar eta oso harrera ona izan dute.
Helduen zortzikotearekin batera gazteen zortzikotea osatu da aurten ere. Ikastetxeetan egin zen deialdia eta hortik interesa izan duten gaztetxoekin eratu da.
Sorgin Dantza, Oriatik abiatuko da gaur arratsaldeko 16:30ean gutxi gorabehera eta dantzariek bertan egon beharko dute 16:00etarako.
Ordutegia betetzea garrantzitsua dela aipatzen dute antolakuntzatik eta horregatik herritarrei puntual azaltzea eskatzen zaie.
Aurten bidean dantzariek egingo dituzten geldialdiei dagokionez, Orian lehenengoa, Biyak Bat jubilatuen elkartearen parean bigarrena eta Udaletxe zaharraren aurrean hirugarrena izango dira.
Dena ondo bidean eta eguraldiak laguntzen badu, Okendora 19:00etan txupina bota aurretik iritsiko dira dantzariak eta azken dantza plazan eskaini aurretik omenalditxo bat eskainiko zaie Sorgin Dantzaren lagunak taldeko kideei.
Sebastian Kerejeta, Felix Telleria, Iñaki Orotegi, Jose Mari Bardaji eta Alfredo Goiaranek Sorgin Dantza berreskuratu zuten 1982. urtean Orian. Aurtengoan, taldetik bizirik daudenei egingo zaie aitortza xumea.
Zikiro afaria
Gauean askorentzat ere tradizio bilakatu den zikiro afaria egingo du Ttakunek Okendo plazan bertan.
Arratsaldeko lehen orduetatik arituko dira sukaldariak 21:30etarako guztia prest izateko. Beraz, usain ederra izango da arratsalde osoan Okendo plazan.
Afarian, entsalada eta zikiroa egongo da 250 lagunentzat, giro ezin hobean.
Honetan parte hartzeko salgai izan dira txartelak azken bi asteetan Ttakun eta Jalgin.
Sagardo dastatzea
Bihar, San Pedro egunean Sagardo dastatzea eta dantza gidatuekin primeran pasatzeko aukera izango da.
Honetan herriko Sollane, Buenavista, Telleri, Zubillaga eta Saltsate baserrietako sagardoa banatuko da.
18:00etan hasiko da sagardo banaketa Okendo plazan. Edalontziak euro bat balio du eta gainontzean, nahi guztia edan ahal izango dute herritarrek.
20:00ak arte luzatzea espero da, edota sagardoak iraun arte.
19:10ean hasiko da dan- tza gidatua eta nahi duten herritarrek parte hartu ahal izango dute. Dantzan dakitenek eta ez dakitenek ederki pasatzeko aukera izango dute.
Gidari lanetan David Egizabal eta Maider Oiartzabal ariko dira.
Bertso saioa
Ostegunean, bertsoez gozatzeko aukera eskainiko zaie herritarrei. San Pedro jaietako bertso saio berezia Manuel Lekuonan egingo da 22:00etatik aurrera.
Aurten, Ane Labaka, Unai Muñoa, Patxi Etxeberria, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Beñat Gaztelumendi arituko dira oholtzan. Gaiak berriz, Amaia Agirrek jarriko ditu.
Bertso saio polita antolatu du aurtengoan ere Ttakuneko Earra! Bertso eskolak.
Sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira Manuel Lekuonako leihatilan 5,50 eurotan.
Kantu Jira
Larunbatean Ttakunen egitarauan gero eta arrakasta handiagoa duen kantu-dantza jira egingo da goizean.
Dantza plazako dantzariek lagunduko dute eta dan- tza eta kantua uztartuko dituzte ibilbide osoan zehar.
Eguerdiko 12:00etan abiatuko dira Sagardotegi kaletik euskal abestiak kalez kale kantatu eta dantzatuz.
Erketz EDT-eko eta Kukuka eskolako dantzariei gonbitea ere luzatu zaie parte hartzeko.
Xumela abesbatzak eta Albokako kide batzuk ere parte hartuko dute euren ahotsak batuz eta gonbidatuta daude bertan parte hartzera, Hondarribi, Zarautz, eta Donostiako kantu jiretako kideak.
Horrela izanda, jendetza elkartzea espero dute eta herritarrak ere hauetan batu ahal izango direla gogoratzen dute antolakuntzatik.
Aukera zabala eta adin guztietarako ekintzak izango dira urtero bezala Ttakunen esku San Pedro jai hauetan ere.
Herritarrei ekintzetan parte hartzeko eta ondo pasatzeko deia egiten zaie elkartetik.