Buruntzaldea IKTko gaztetxoak bikain etxean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 16a

Urtea ezin hobeto amaitu dute Buruntzaldea IKTko benjamin eta alebinek. XXVII. Lasarte saria jokatu zuten Udal Kiroldegian, iragan larunbatean. Hori baino lehen, taldeko gaztetxoenek, aurrebenjaminek, erakustaldi polita eskaini zuten guraso eta lagunen aurrean.

Urte osoan zehar ikasitakoa plazaratu zuten Buruntzaldea IKTko igerilari gaztetxoek Udal Kiroldegian, iragan larunbatean. Aurrebenjaminek erakustaldia eskaini zuten aurrena, eta, gero, benjamin eta alebinek XXVII. Lasarte Saria jokatu zuten.

Erakustaldia

2008an jaiotako haurrek ikuskizun bikaina eskaini zuten igerilekuan. Adin horretako zortzi haur aritu ziren, 25 libreetako froga burutzen. Guraso eta lagunen txalo artean, ederki ibili ziren gaztetxoenak.

Proba amaitu ondoren, guztiek domina bana jaso zuten, egindako lanagatik.

XXVII. Lasarte Saria

Erakustaldiaren ostean, benjamin eta alebinak XXVII. Lasarte Sarian lehiatu ziren. Benjamin txikienek 25 tximeleta edota 50 bizkar, bular zein estilo librekoa zuten aukeran. Handienek, tximeletako 50a edota 100 metroko bizkar, bular zein estilo librekoa.

Gaztetxoak ederki aritu ziren; gehienak podiumera igo ziren. Easo eta Usurbil igeriketa taldeetako igerilariek ere jokatu zuten Lasarte Saria.