'BirziklaTu' egitasmoa Okendon

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 17a

Lasarte-Oriako gazte talde batek dinamizatuta eta Udalaren laguntzarekin, hainbat herritarrek arratsalde atsegina igaro dute Okendo plazako arkupeetan. Egurrez egindako hainbat jolasetan aritu dira, 'BirziklaTu' izeneko egitasmoaren baitakoetan.

Snooker holandarra, XXL mikadoa, lehorreko curling-a, eskalada jolasa...jolas eginez primerako arratsaldea pasatzeko aukera eduki dute herritarrek gaur arratsaldean Okendo plazan.

Lasarte-Oriako gazte talde batek dinamizatu ditu 'BirziklaTu' egitasmoko jolasak. 17:00etan zabaldu dituzte ateak, eta 19:00etan itxi. Eguraldi txarra ez da izan eragozpen, eta gaztetxo ugari gerturatu dira arestian aipatutako jolasak probatzera. 

Proiektuaren nondik-norakoak

HEZI ZERB elkartearen eta Educo Fundazioaren elkarlanetik sortu zen 'BirziklaTu' proiektua, duela zenbait urte. Gipuzkoako hainbat udalerritan eramaten dute aurrera; bakoitzean, eredu eta dinamika desberdinak jorratzen dituzte.

Lasarte-Oriaren kasuan, egurraren eskuzko lanketa hartu dute oinarritzat. 12-16 urte bitarteko sei gaztek hartu dute parte aurten. Gaur arratsaldean eurei tokatu zaie jarduerak dinamizatzea. Eurek asmatutako 'billar-golf' jolasa erakutsi dute baita ere.

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi duenez, egitasmoaren funtsak dira "gazteen artean balore positiboak txertatu eta hedatzea". Aipatu dituztenen artean daude birziklapena, parte hartzea eta osasunerako hezkuntza, besteak beste.