Arrakastaz jositako denboraldia –beste bat– itxi du LOKEk asteburu honetan. Kirolari, entrenatzaile, arduradun eta guraso, 100 pertsonatik gora bildu ziren atzo Araeta jatetxean, aurten egindako guztia mahai baten bueltan gogoratuz, giro ederrean. Bapo bazkaldu ostean, urtero lez, hainbat kirolarik sariak jaso zituzten euren entrenatzaileen eskutatik.
Judo alorreko arduradun Gorka Aristegi izan zen lehena mikrofonoa hartzen. Kategoriaka, hainbat judoka atera ziren sari bila. Infantiletan, bi: Martin Sebastian eta Lucas Morales. Bi horien ostean, Ander Garrido kadetea, Jon Herrero, Eneko Eizagirre eta Fermin Balda jubenilak eta Josu Olmos eta Asier Sagasti seniorrak. Denboraldi paregabea burutu dute denek. Aipatutakoez gain, Jesus Curielek eta Yeray Mendibek ere jaso zuten aitortza, hasieran ezarritako helburu guztiak bete ezin izan dituzten arren, urte osoan zehar euren kideei emandako laguntzagatik.
Tenisean, berriz, Eneko Fernandez izan zen saritua. Xabier eta Andrea Gonzalezek eman zioten saria.
Atletismoan Ane Galardi izan da saritua aurten. Amaia Andres arduradun eta klubeko lehendakariaren eskutik jaso zuen saria. Hunkigarria izan zen, Galardik kanpoan egingo dituelako ikasketak datorren urtetik aurrera.
Hunkigarria izan zen baita ere gimnasia erritmikoko sari banaketa. Angely eta Melanie Gonzalez ahizpak agurtu zituzten arduradunek; kanpora doaz bizitzera. Horiez gain, Aizpea Arroyo Euskadiko txapelduna ere saritua izan zen. Amaieran, hainbat argazki atera zituzten denek.
Bestalde, judo eta gimnasia erritmikoko kideek erakustaldiak egin zituzten Kiroldegian.
LOKEren denboraldi amaierako ekitaldien argazki galeria