San Joan sua Andatzan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 20a

Ostegunean, iaz bezala, Andatza plazan egingo da San Joan suaren inguruko jaia. Udaletxe zaharretik aterako da kalejira Erketze EDT-ko dantzari eta musikariekin. Plazara iritsita, San Joaneko zortzikoa eta soka-dantza eskainiko dira sua piztu aurretik. Honetan parte hartuko dute Alboka abesbatzak eta Zero Sette akordeoi orkestrak.

Lasarte-Orian ondo errotuta dago San Joan suaren ohitura, eta, iaz bezala, jende andana bilduko da Andatza plazan egingo den suaren inguruko festara urteko gertaera eta oroitzapen txarrak sutara bota eta udari ongietorria egiteko. 

San Pedro jaiak iristear daude, eta San Joan bezpera aurrekari ezin hobea da izan ohi da herritarrak jai giroan murgiltzen hasteko.

Egitaraua

Ostegunean gaueko hamarrak aldera piztuko da San Joan sua Andatza plazan. Kalejira, fandangoa eta arin-arina dantzatuko dira jendeak gauzak eta oroitzapen txar guztiak bertara bota bitartean.

Dantza eta musika 22:00ak baino lehenago hasiko dira. Erketz EDT dantza taldea, hainbat musikari eta udalbatzako kideekin batera plazara joango da kalejira egiten udaletxe zaharretik abiatuta.

Plazara iritsita, San Joaneko zortzikoa eskainiko du 21:30ean, gaueko ekitaldiei hasiera emanez.

Horren ostean, soka-dantzaren txanda izango da. 

Erketz EDT-rekin batera, Alboka Abesbatzak eta Zero Sette Akordeoi orkestrak parte hartuko dute iaz egin bezala, hainbat doinuetan dantzariak lagunduko dituztelarik.

Errito eta usadioak

Ezaguna da ohitura honen jatorri paganoa. San Joan suak Erdi Aroan hartu zuen izena, San Joan Bataiatzailearengatik. Usadioa Euskal Herriko bazter guztietara zabalduta dago eta plaza guztietan pizten da sua ekainaren 23an.

Gau magikoa delakoan eta ospakizun zaharra izaki, hainbat erritu eta usadio egin izan dira egun honen inguruan. Gure herrian ere bai. 

Esan daiteke, aldez edo moldez leku guztietan, hiru elementu agertzen direla beti tradizioan: ura, landareak eta sua eta ospakizunetan, berriz, dantza eta kantua dira nagusi.
Gurean ur bedeinkatua eta ur berria banatzen ziren baserriz baserri, San Joan bezperan sua erre eta gero, adibidez. Era berean, San Joan egunean elorri zuria eta erramuarekin egindako gurutzeak edota adarrak jartzen ziren ate eta leihoetan, trumoietatik etxeak babesteko. 

Hain zuzen ere, ohitura zahar horren jarraitzaile nekaezina izan da urte luzeetan Sebastian Kerejeta herritarra. 

Erronka

Ttakuneko lehenengo lehendakariak, herriko hainbat lekuetan jarri izan ditu elorri zuri adarrak. Danok Kide elkartearen egoitzan, Michelingo kooperatiban, Ttakuneko egoitzan edota Jalgi Kafe Antzokian. Aurten ere ez du hutsik egingo eta Ttakun eta Jalgiko sarrerak dotore azalduko dira ostiralean, azken urteetan bi atari hauetara mugatzen zen eta. Goizeko zazpiak jota, aurrez jasotako elorri zuri adarrak jarriko ditu zintzo. 

Hala ere, adina dela eta, aurtengoa berarentzat azkena izango dela agindu du. 

Kerejetak penaz utziko du lan hau izan ere, konturatuta dago azken urteetan herrian berak jarritako elorri zuri adarrak direla ikusten diren bakarrak eta pena handia eragiten dio jakiteak inork ez duela usadioarekin jarraituko. 

Berak erronka bota nahi die herritarrei hau galdu ez dadin. Euren etxeetako atarietan elorri zuria jartzera animatzen ditu. Herrietako parte ziren mota honetako usadioak galtzearekin batera, herri sena eta kulturaren parte txiki bat galtzen delako.