Herriko ikastetxeak murrizketengatik protestan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 24a

Herriko tren geltokian elkartu dira herriko ikastetxeetako hainbat ordezkari gaur eguerdian, Auzitegi Konstituzionalaren sententziaren kontra egin dute protesta; bertan zehazten da datorren ikasturtetik aurrera igo egingo dela irakasleek eman beharreko klase orduak, kontratazioak eta ordezkapenak murriztuz horrela.

Eusko Jaurlaritzak helegitea jarri zion Madrildik etorritako epaiari, baina ez da onartua izan eta Josu Erkoreka bozeramaileak berriki aditzera eman duenez, "sententzia bete beharrean" dago Lakuako gobernua, "prebarikazio delitu bat" egin baitezake bestela. Dena dela, zehaztu du baita ere neurriak "ahalik eta kalte gutxien" eragiteko moduan ezarriko dituela Jaurlaritzak. Aipatu neurrien artean leudeke irakasleek ordu gehiagoz klase eman beharra; langile berrien kontratazio eta ordezkaketak jaitsiko lirateke horren ondorioz.

Horren aurrean, hezkuntza sektorea mobilizatzen ari da egunotan. Baita Lasarte-Oriakoa ere. Herriko tren geltokian elkartu dira gaur eguerdian Garaikoetxea-Landaberri, Sasoeta LH, Landaberri BHI eta Lasarte-Usurbil BHI zentroetako hainbat irakasle. Askok 'Murrizketarik ez' lelodun kamisetak eta afixak erakutsi dituzte. Kontzentrazioa amaituta, trena hartu eta Donostiara joan dira asko, bertan deitutako protesta ekitaldian parte hartzeko.