"Herriko merkataritza eta bertan erosketak egiten dituzten herritarrak lagundu nahi ditugu, aparkatzeko dohaineko ordu bat edo bi (egindako erosketen arabera) eskainiaz," adierazi du Estitxu Alkorta EAJ-ko zinegotziak.
Gaur goizean egindako agerraldian azaldu modura, "gure herri erdigunean dagoen trafikoa eta bertan aparkatzeko dauden zailtasunak kontuan hartuta, interesagarria izango litzateke Gipuzkoako beste zenbait herritan (Eibarren adibidez) martxan dauden antzeko ekimenak bultzatzea".
Mozioa
Horretarako, parkineko jabea den Murias-en eta Aterpea merkatarien elkartearen arteko hitzarmen bat bultzatzea proposatuko dio alderdi jeltzaleak Udal Sozioekonomia sailari.
Era berean, hitzarmen horretatik eratorri daitezkeen gastuei aurre egiteko aurrekontu partida nahikoa aurreikustea eskatuko du.
Honen bitartez, "dendetako arduradunek gaur egungo BMko parkinean gehienez bi orduko aparkaldiko balioa izango luketen tiketak eskaini ahal izango dizkiete bezeroei. Bi ordu baino gehiagoko aparkaldiak, erabiltzaileek beraiek ordaindu beharko dituzte kotxeak ateratzeko momentuan".