Eskolarteko tenis txapelketako finalak Michelinen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 9a

Eskola Kirola egitasmoaren baitan, aurten tenisean aritu diren gaztetxoek iragan asteburuan jokatu zituzten finalak, Michelingo pistetan. Banakako kategorian 110 neska-mutilek hartu zuten parte; taldekakoan, 60k.

LOKEk antolatuta, Gipuzkoako Eskola Kiroleko tenis txapelketako finalak ere pasa den larunbatean jokatu ziren, Michelingo pistetan. Alebin eta infantil mailetako neska-mutilak aritu ziren, banaka zein taldeka. Ostean, parte hartzaileen artean sariak banatu ziren.

Zenbait jokalari lasarteoriatarrek ere jaso zituzten garaikurrak. Banakakoan, LOKEko jokalari Xabier Navarro txapeldunorde izan zen. Taldekakoan, Landaberri ikastetxearen ordezkari gisa aritu ziren Alain Mangas, Ugaitz Igarriz eta Manex Bobillo; podiumeko bigarren mailara aupatu ziren.

Larunbateko norgehiagoketako zenbait datu eman dituzte antolatzaileek. Banakako mailan 110 gaztetxo aritu ziren; taldekakoan, 60.

Sari-banaketa pistetan bertan egin zuten. Horretan parte hartu zuten Txus Alonso Udaleko Kirol zinegotziak, Gipuzkoako Tenis Federazioko lehendakari Luis Azkuek eta LOKEko ordezkari Andrea Gonzalezek. Neska-mutilek pozarren jaso zituzten sariak.