Iñigo Ibarburu txapeldun GIF 2 sarian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 10a

Podiumeko maila gorenera aupatu zen Iñigo Ibarburu iragan larunbatean. Hernanin jokatu zen GIF 2 sarian hartu zuen parte, eta txapeldun izan, 100 tximeleta eta 50 libre probetan lortutako markei esker. Mikel Esnal, berriz, hirugarren izan zen sailkapenean.

Aipatutako bi horiez gain, Buruntzaldea IKTko beste bederatzi igerilari lehiatu ziren sari horretan. Denen artean, hamaika marka pertsonal eta taldeko bi errekor berri zakuratu zituzten. Itsaso Tolosak, esaterako, nabarmen hobetu zuen 50 libreko marka, kronometroa 29.87 segundotan geratuz. Irati Arzalluz infantilak ere marka egin zuen distantzia horretan: 29.85. Espainiako gutxienekotik bost ehunekotara geratu da.

Udaberriko Ligari bukaera

Liga horretako azken jardunaldian Buruntzaldea IKT ordezkatu zuten Unai Irigorasek, Ane Otegik, Ibane Otaegik, Jon del Riok eta Maria Garasak. Bost taldekide horiek 25 metroko igerilekuan lehiatu ziren. Euren marka pertsonalak ontzea lortu ez zuten arren, maila txukuna erakutsi zuten.

Bihar egingo diote hurrengo probari; Andoainen jokatuko den II. Erronkari, hain justu. Hori eta gero, udara parteko lehiaketetan euren onena ematen ahaleginduko dira.

XXVII. Lasarte saria bihar

Buruntzaldea IKTko benjamin eta alebinek etxean egingo dute igerian bihar goizean zehar. 10:00etan hasiko da XXVII. Lasarte saria. Hori baino lehen, 9:40etik aurrera, 2009an jaiotako aurrebenjaminek eta 'Estiloak' taldeko kideek erakustalditxo bat eskainiko dute. Antolatzaileek zehaztu dutenez, bolondresak behar dituzte proban zehar laguntza emateko.

II. Erronka Andoainen

Zenbait infantil, junior eta absolutu Andoaingo Allurralde kiroldegian ariko dira, II. Erronkan parte hartzen. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da. Zarautz Balea IT taldeko kideak izango dituzte aurkari Buruntzaldea IKTkoek.