"Ekainean gaude, PSE-EEk urtebete darama gobernuan eta astelehen honetan aurkeztu digute aurtengo aurrekontuen zirriborroa. Aurreko urteetan, plenoak joan eta plenoak etorri, aurrekontuak berandu aurkeztea aurpegiratzen ziguten, eta eurek inoiz baino beranduago aurkezten dizkigu bereak", salatu du EH Bilduk.
Horren eraginez, koalizio abertzalearen aburuz, "estankatuta" daude zenbait inbertsio. Kiroldegi berriaren proiektua eta 5. edukiontziaren ezarpena aipatu dituzte. "Urtebete honetan ez da ezer berririk planteatu eta geratuta egon da herria, lasarteoriatarren kalterako; izan ere, Udal Gobernuak hilabeteotan egin edota planteatu dituen egitasmoak -asfaltatze lanak, Garaikoetxeako jangela, Okendoko garajeak, etab.- aurreko legegintzaldian teknikoki garatu eta bideratutako proiektuak izan dira, aldaketa oso gutxirekin".
Arestian aipatutako proiektu horiek "2015eko aurrekontuaren luzapenarekin eta aurreko gobernuak utzitako 500.000 euroko soberakinarekin" burutu ditu Udal Gobernuak, EH Bilduk zehaztu duenez. "Herentzia hori jaso dute aurreko gobernuarengandik, ez dira kexatuko! Ez da ahaztu behar krisiaren gordinenean hartu zuela alkatetza EH Bilduk: 2.400.000 euro bueltatu behar zitzaizkion Aldundiari hiru urtetan, udaletxe berri eta faraonikoaren azken faktura ordaindu eta eraikin hori altzairuz hornitu".
"Usain zaharreko politika"
"Aipatutako guztiaren ondoren, hala ere, kudeatzaile ontzat dute euren burua, besteak beste, Gasteizen EAJ-PSE-EEk akordioak salerosteko erakutsi duten gaitasunagatik", adierazi du EH Bilduk. "Diru publikoa norberaren interes elektoralaren zerbitzura" jarri dela kritikatu du koalizio abertzaleak; administrazioa, berriz, "alderdiarenera, herritarrenera beharrean; usain zaharreko politika egiteko modua da hori, EH Bilduk egin eta egingo ez duena".
Aurreko legegintzaldiari buruz ere mintzatu da EH Bildu. Nabarmendu du "harro" dagoela lau urte horietan egindako kudeaketa "zuhur, arduratsu eta zintzoaz". Gehitu du "oraingoa baino testuinguru okerragoan" gai izan zela "jasotako herentziari buelta eman eta Lasarte-Oria egoera hobean uzteko; oraingoz, gobernu berriak ezin du gauza bera esan".