Txindoki garaile Mosso Oroimenezkoan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 12a

Mosso Memorialeko finala jokatu da gaur goizean. Aurrez aurre Txindoki eta Insausti taldeak izan dira. Partida gogorra izan da, baina Txindokik bigarren urtez jarraian eraman du kopa etxera.

Hiru partida bi egunetan jokatu behar izan dituzte Mosso Memorialeko finalera iritsi diren Insausti eta Txindoki taldeek.

Txindoki iazko txapeldunak garaikurra eskuratu nahi zuen berriro ere eta ez dio aukerarik eman nahi izan Insaustiri.

Lan ederra egin eta bi gol sartu ditu lehen zatian. Insaustik aukerak izan ditu lehen zatiko azken minutuetan tartea murrizteko baina baloiak ez du sarean amaitzerik izan.

Bigarren zatian, Insaustik indarrez ekin dio emaitza berdintzeari eta atezain jokalaria atera du horretarako. Honela lortu du 2 eta 1eko.  

Estrategia honekin jarraitu du Insaustik erasoan eta aukera dezente izan ditu. Zoritxarrez Txindokik bi gol egitea ere ekarri du. Azken segundoetan guztia erabakia zegoela lortu du Insaustik 4 eta 2koa.

Finalerdietarako txartela
Atzo arratsaldeko final erdietan, Insausti-El Punto eta Ilargi-Txindoki buruz burukoak ikusi ziren.

Lehen partida interesgarria izan zen. Bi taldeek finalean egon nahi zutela argi zegoen. Azkenean, Insaustik 5-4 irabazi zion El Puntori.

Bigarren norgehiagokan aldiz, Txindoki nagusi izan zen. Ilargik ezin izan zuen ezer egin eta 0-4 gailendu zen Txindoki.

Harrobia lantzen
Ostadar SKTko areto-futbol alorrak entrenamendu batzuk antolatu ditu alebin, infantil eta kadete mailetako gaztetxoentzat. Michelingo areto-futbol kantxan izango dira, 17:30ean.

Doakoak dira entrenamendu saio horiek; lau dira guztira. Asteazken eta ostiral honetan egingo dituzte aurreneko biak; beste biak, hurrengo asteko asteazken eta ostiralean. Konpromisorik gabeko hitzorduak direla jakinarazi dute antolatzaileek. Beste hitz batzuetan esanda, lan-saio horietan parte hartzen duten haurrek ez dute zertan areto-futbolean jokatu datorren denboraldian. Ostadar SKTko kideek gaztetxoak animatzen dituzte entrenamenduetan parte hartzera.