Rocioko giroa Atsobakar auzoan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 13a

Rocioko erromeria giroa izan da Atsobakarreko parkean asteburu osoan zehar. Musika eta dantza emanaldiez gain, Andaluziako jakiak ere izan dira parkera hurbildu diren herrirarrentzat.

Semblante Andaluz elkarteak XIII. Rocioko erromeria ospatu du Atsobakarreko parkean. Era honetara, Rociora joan ezin izan zuten herritarrek asteburu honetan arantzatxoa kentzeko aukera izan dute.

Larunbata eta igande goizeko lainoei aurpegi ona erakutsi zioten elkarteko kide eta lagunek eta haien musika eta dantzekin alaitu zuten Atsobakar auzoa, baita euria uxatu ere.

Larunbat eguerdian hasi ziren ospakizunak eta arratsaldean, Semblante Andaluz elkarteko taldeekin batera Errenteriako Aljarafe elkarteko koru eta dantza taldeak izan ziren protagonista.

Igandean, Arantzazuko Ama Birjinaren parrokian mezaren ostean, Rocioko Ama Birjinaren irudiak Lasarte-Oriako kaleak zeharkatu zituen.

Elkarte gonbidatuetako taldeek alaitu zuten bazkal aurre eta ostea.

Eta jaiari amaiera emateko 'Salve Rociera' abestu zuten guztiek.