Gizarte zerbitzuetatik bultzatuta, hozkailu solidarioa iritsi da Lasarte-Oriara. Ekimena Galdakaon jaio zen Alvaro Sainzen burutazio batengatik. Javi Goikoetxean azaldu duenez, laguna etxe zein taberna edo jatetxeetan sobratzen den janariarekin zer egin hasi zen pentsatzen eta hozkailu bat kalean jartzea bururatu zitzaion. “Bertan soberakinak utzi eta behar zuenak hartzeko”. Ekimenak harrera ona izan zuen eta estatuan hainbat lekutan jarri dira hozkailuak.
Goikoetxeak azaldu duenez, edonork erabili dezake hozkailua janaria utzi edota hartzeko. “Ekimenaren helburua kontsumo jasangarriago bat egitean datza, azkenean kontsumo orekatu bat lortzea gure gizartean.”
Lourdes Acevedok azaldu du, eskoletan lanketa berezia egingo dela gaiaren inguruan irailean, “orain esku orria etxera eramango dute umeek eta irailean kontsumo jasangarriaren inguruko lanketa egingo dute komiki berezi baten bidez”.
Herritarrak animatu zituzten hozkailua erabiltzera, beti ere, zintzo jokatuz. Baldintzei dagokionean, ezin dira arrautzak edo haragi gordina utzi. Prestatutako janaria behar du izan, ontzi gardenetan utziak, zer den identifikatu ahal izateko eta data gainean jarrita. Hotz katea garraiatzeko orduan mantendu behar da edota gehienez 30minutu eduki giro tenperaturan.