Herritar maitagarriei esker ona

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 3a

Lasarte-Oriako haurrek 65 urte baino gehiago eta haientzat maitagarri edo goxoa den pertsonari aitortza egiteko aukera izango dute aurten San Pedro Jaietan.

Ttakun Kultur elkarteko Aisia eta Kultura sailek Patxintxi sariak 2016 antolatu dituzte.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Patxintxiak Lasarte-Oriako 65 urte gorako pertsona maitagarri eta goxoak dira.

Hautagaiak

Gaurtik ekainaren 13ra herriko haurrek hautagaiak aurkeztu ahalko dituzte. “Aitona-amona, bizilaguna edo ezagunen bat izan daiteke. Ez du zertan gertuko pertsona izan behar, haurrarentzat maitagarri eta goxoa izatearekin nahiko da,” aipatu dute.

Horretarako pertsonaren izena, argazkia, honekin harremanetan jartzeko telefono zenbaki bat eta hautagaia proposatzen duen haurraren izena bidali beharko dira aisia@ttakun.eus helbidera edo Ttakun KEko Sare Sozialen bitartez. Ttakuneko bulegoan ere jasoko dira hautagai proposamenak.

Aukeraketa

Ekainaren 14tik 23ra hautagaiak Ttakun kultur elkarteko sare sozialetan egongo dira ikusgai. aisia@ttakun.eus helbidera ere bidali ahalko dira bozkak.

Bozkatze epea amaitzean, hautagaiek jasotzen dituzten atsegite eta bozka kopurua zenbatu eta bi irabazle aukeratuko dira, bata emakumea eta bestea gizona.

Sari banaketa

Irabazleek txapela eta Goiegi jatetxean bi pertsonentzako afaria eskuratuko dute.

Sariak San Pedro jaietako haurren txupinaren ostean banatuko dira Udal zaharreko balkoian. Ezusteak ere izango direla iragarri da.

Antolatzaileek Lasarte-Oriako haurrei haien hautagaiak aurkeztu eta herritarrei 2016ko Patxintxiak bozkatzera gonbidatzen dituzte.