Padel eta squash txapelketetako finalak bihar

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 3a

Herriko padel eta squash txapelketen egun handia izango da biharkoa. Kategoria eta fase guztietako finalak jokatuko dira Udal Kiroldegian, goiz eta arratsalde. Herritarrek aitzakia bikaina dute kirol horiez gozatzeko.

Goizeko bederatzietan hasiko dira padel txapelketako finalak. Ordu horretan kontsolazio faseko 3. eta 4. postuak erabakiko dira, gizonezkoen kategoriakoak. Miguel eta Dani Patxi eta Albertoren kontra ariko dira. Handik ordu eta erdira, 10:30ean, emakumezkoen kategoriako txapeldunen fasekoa hasiko da: Conchi eta Bea, Noemi eta Eiderren kontra.

12:00etan gizonezkoen txapeldun faseko 3. eta 4. postuak erabakiko dira. Ander eta Joseba Rekondo anaiek Paso eta Urko izango dituzte aurkari. Goizeko egitaraua gizonezkoen kontsolazio faseko finalarekin itxiko da 13:30etik aurrera Aitor eta Javik Ander eta Beñaten kontra jokatuko dute.

Bazkalostean, emakumeen txapeldunen faseko finalaz gozatu ahalko dute herritarrek. 15:00etan hasiko da Cris eta Elenak Luque eta Katherinen kontra jokatuko duten neurketa. 16:30ean berriz, gizonezkoen txapeldunen faseko bikote irabazlea erabakiko da. Gorka eta Iñigok eta Cabok eta Izetak osatutako bikoteak dira hautagaiak.

Sariak banatuko dira ondoren, 18:00etan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, parte hartzaile zein ikusleek mokadutxoren bat jan ahalko dute ekitaldian.

Squasha, 15:00etatik aurrera

Udaleko Kirol Zerbitzuak antolatutako herriko squash txapelketa sozialeko finalak ere bihar arratsaldean zehar jokatuko dira, Udal Kiroldegian. 15:00etan hasiko dira partiduak. Kontsolazio faseko finala izango da lehenengoa. Raul Mateos eta Aitor Tejerok neurtuko dituzte indarrak.

16:00etan 3. eta 4. postuak erabakiko dira; Kinin Calvo eta Xabier Azaldegi ariko dira nor baino nor gehiago. Amaitu bezain laster, final handia jokatuko da; Iñaki Garcia eta Iker Cañedo lehiatuko dira txapeldun izateko. Behin final guztiak bukatu direnean, sari-banaketa ekitaldia hasiko da.