Batxilergoko 2. mailako ikasleei agurra

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 3a

Urtero legez, Lasarte-Usurbil BHI institutuak Batxilergoko 2. mailako ikasleak agurtzeko ekitaldia egin du gaur eguerdian. Ohorezko Matrikulak Unai Iribarrek, Iñigo Otaegik eta Enara Cruzek jaso dituzte. Ikasleetako askok datorren asteazkenean ekingo diete unibertsitatera sartzeko hautaprobei.

Bide bat bukatu, berri bati ekiteko. Lasarte-Usurbil BHIko Batxilergoko 2. mailako ikasleek gaur jaso dute zentroaren aitortza, institutuko areto nagusian. Datorren astean, unibertsitatera sartzeko hautaprobak egingo dituzte askok; beste batzuek, berriz, Lanbide Heziketak eskaintzen dituen aukeretara joko dute. Tentsio askoko garaia izan ohi da, erabaki garrantzitsuak hartu behar baitira. Dena den, gaur eguerdian nerbioak etxean uzteko eta ospakizunaz gozatzeko parada eduki dute ikasleek.

EHUko irakasle Amaia Serranoren hitzaldiarekin hasi da ekitaldia. Serranok, bere esperientzia pertsonaletik abiatuta, etorkizunean hartu beharko dituzten norabideen inguruko gako batzuk partekatu ditu ikasleekin. 

Ostean, hiru geletako tutoreek ikasleei hainbat dokumentuz betetako karpeta bana eman die, eta argazkia atera. Besteak beste, Euskararen Maratoiari buruzko diptiko bat jaso dute ikasleek.

Institutuan bertan mokadutxo bat jan aurretik, familia argazkia atera dute ikasle guztiek. Era berean, Ohorezko Matrikula eskuratu duten hiru ikasleek -Unai Iribarrek, Iñigo Otaegik eta Enara Cruzek- opari bat jaso dute. Horrez gain, ikasleek beraiek editatutako bideo bat proiektatu dute: txikitako garaietatik hasi eta aurtengo kurtsora arteko argazki bilduma erakutsi dute, hainbat kantekin girotuta.