Herriko taldeen eskaintza gaztetxoentzat

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 6a

Texas Lasartearrak eta Ostadarrek egitasmoak dituzte martxan herriko neska-mutilei futbolean murgiltzen hasteko aukera emateko.
'Manuel Isasa Iturrioz' kanpalekuaren 1go edizioa jarriko du martxan Texasek aurten. Helburua da harrobiko taldeak eratzea datorren denboraldirako, eta jokalariak elkar ezagutzen hastea. Antolatzaileek zehaztu dutenez, udako kanpaleku hau ez da izango loteslea. Bestela esanda, beste talde batzuetan aritzen diren gaztetxoek ere ahalko dute parte hartu, datorren denboraldian Texasen aritzeko konpromisoa hartu beharrik gabe.

Lehenengo entrenamendu-saioa bihar egingo dute, Michelingo zelaian, 17:30etik 18:00etara bitartean. Izen- emate prozesua egiteko ere baliatuko dute biharko saioa.
Ostegunean, Mikel Etxarri herriko entrenatzaileak gidatuko du entrenamendua. Astearteko saiora etortzen ez direnak ostegunean apuntatu ahalko dira. 30 euro balio du inskripzioak; %15eko deskontua edukiko dute familia ugariek. Kanpalekuak hiru aste iraungo ditu, gaur hasten dena eta hurrengo biak, hain justu.

Futbol eskola
Ostadar SKTren futbol eskolan izena eman daiteke jada, datorren denboraldirako. Gaurtik hasita eta hilaren 17ra arte apuntatu ahalko dira gaztetxoak. Ostadarren bulegoan egin beharko da inskripzioa, 18:00etatik 20:00etara. Urriaren 5etik maiatzaren 26ra artekoa izango da denboraldia.