Ekainaren 2an, ostiralean, ireki zen Brancussi akademiaren erakusketa eta bertan bildu ziren Jose Manuel Monge eta bere 50 ikasleak.
Erakusketan adin ezberdinetako ikasleen lanak ikusteko aukera dago. Batzuk gainera, Zipristin edo Gipuzkoa Plazako Udaberri lehiaketetan saritutako lanak dira.
Paisaiak, koadro ezagunen erreprodukzioak... gai eta estilo ezberdinetako lanak ikusi daitezke. Gainera, teknika ezberdinak erabili dituzte hauek egiteko, hala nola, olio margoak, akrilikoak edo purpurina.
Erakusketaz gozatu nahi duten herritarrek arratsaldez, 18:00etatik 21:00etara, egin dezakete bisita. Ostiralean itxiko ditu ateak.