Ttakunen eskutik, milaka abentura udaran zehar

Txintxarri Aldizkaria 2016ko eka. 7a, 14:18

Ttakun Kultur Elkarteak udararako eskaintza oparoa prestatu du beste behin, Udalaren laguntzaz. 3 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteentzako programak antolatu dituzte. Haur, gazte, hezitzaile eta familia, denera 800 bat lasarteoriatarrek hartuko dute parte udalekuetan. Udako Txokoetako gaztetxoentzako jangela zerbitzua da berrikuntza nagusietako bat aurten; irekita dago izena emateko epea, ekainaren 16ra arte.

Atzoko aurkezpen prentsaurrekoan Ttakuneko Aisia arduradun Pili Bermejok esan zuen bezala, "eguraldi ona" besterik ez da falta aurtengo udalekuetarako. Gainontzeko guztia, euren esku dagoena bai behintzat, egin dute Ttakuneko kideek, Udalaren laguntzaz. 

Egin dute, adibidez, aurrelana, haur zein gazte esparruan. Haur eta lehen hezkuntzari dagokienean, formazioa, talde lana, elkar trukea eta antzeko baloreak hartu dituzte oinarritzat beste behin. Horri jarraiki, udalekuen protagonista diren haurren (eta gurasoen) iritzia ere hartu da kontuan. "Guraso eta haurren konplizitatea lortu nahi izan dugu", nabarmendu zuen Bermejok. Prozesu horri hezitzaileen aurreneko formazio saioan eman zioten hasiera; lekukoa haur eta gurasoei pasa zitzaien, eta eurekin egindako bileretatik ateratako ideiak bigarren saioan landu ziren.

Bigarren hezkuntzako gazteen oporraldiak diseinatzerakoan ere eman zaie garrantzia haien gogo eta nahiei, Gazteak saileko arduradun Iñaki Aristondoren esanetan. "Lanketa bat egin da Kuadrillategi egitasmoko azken saioetan, euren proposamenak entzun eta aztertuz", zehaztu zuen. "Parte hartze aktiboaren erakusle nagusia Faktoriako kanpaldiak dira; Batxilergoko ikasleekin batera, ikasturte osoan zehar Gironan burutuko dugun kanpaldia antolatu dugu, plangintza egiteaz gain landu nahi diren helburuak elkarlanean finkatuz".

"Tren bat balitz bezala irudikatu ditugu udalekuak: hamaika abentura bizitzeko aukera eskainiko diguna", aipatu zuen Pili Bermejok. "Lokomotora euskara izango da; bagoietan, ondo pasatzea, espresio bideak eta sormena, autonomia, ongizatea eta euskal kulturak bidaiatuko dute, baita aniztasunak, elkarbizitzak, feminismoak eta ingurumenak, zehar lerro gisara".

Datak, irteerak eta adinak

Aurten tren horretara igoko diren haur eta gazteek toki desberdinetara joango dira bidaian, adinaren arabera. HH3tik LH6ra bitarteko neska-mutilek Udako Txokoez gozatuko dute uztail zein abuztuan. Horren baitan, LH 2 eta 3koak lau egun igaroko dituzte Larraulen. LH 3 eta 4koak, berriz, Albenizera joango dira uztailaren 18tik 27ra. 11 eta 12 urte bitarteko gaztetxoak, aldiz, Donemiliagara.

DBH eta Batxilergoko ikasleek uztailean zehar biziko dituzte abenturak. Lekeition hasi eta Lasarte-Orian bukatuko da DBH 1 eta 2. mailakoena; uztailaren 4tik 15era joango dira. DBH 3 eta 4. mailakoak, berriz, Lapurditik barrena ibiliko dira, uztailaren 17tik 28ra. Azkenik, Gironara joango dira Batxilergoko ikasleak, 18tik 29ra.

Txokoetako gurasoekin aste honetan egingo dira bilera informatiboak. Ekainaren 9an, ostegunarekin, Albenizeko txandaren bilera egingo da 17:00etan. 17:45ean LH3-6 bitartekoen euskarazko bilera; 19:00etan gazteleraz egingo dute. 18:15ean Donemiliagakoen txanda izango da, eta, 19:30ean, Larraulera doazenena. Hurrengo egunerako, hilak 10, beste hiru bilera prestatu dituzte: HH 3-4koak 17:00etan eta 17:40ean elkartuko dira. Erderaz eta euskaraz izango dira bilera horiek, hurrenez hurren. 18:20an HH5-LH2koena egingo dute, euskaraz, eta 19:00etan gazteleraz. Bukatzeko, abuztuko programazioa 19:40an esplikatuko dute.

Jangela zerbitzua txokoetako haurrentzat

Aurtengo udako eskaintzak badauka berrikuntza nagusi bat: txokoetan ariko diren haurrentzako jangela zerbitzua; udalekuetako ordutegia 15:15era arte luzatu ahalko dute interesa dutenek. Irekita dago jada izen-emate epea, ekainaren 16ra arte. Ttakuneko bazkide direnek 90 euro ordaindu beharko dituzte; ez direnek, berriz, 95. Denera 60 plaza daude.

25 urtetan zehar

Tomas Arrizabalaga Ttakuneko lehendakariak gogora ekarri zuenez, "urtero-urtero" antolatu ditu Ttakunek udalekuak, "Udalaren laguntzarekin, hitzarmenetan jaso bezala". Denera, 25 aldiz, urte kopuru hori bera betetzen baitu aurten Ttakunek. Udalak emandako laguntza ere eskertu zuen Arrizabalagak.

Jon Antxordoki Euskara zinegotziak azpimarratu zuen Udalak asko eskertzen duela Ttakunek prestatutako programa: "Oso interesgarria da herriko gaztetxoentzat".