GuraSOSen hitzaldia Biyak Bat adinekoen egoitzan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 7a

Hainbat herritar gerturatu ziren atzo arratsaldean GuraSOS taldeko hainbat kidek eman zuten hitzaldia entzutera. Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietan eraiki gura duen errauste planta izan zuten mintzagai. Azaldu zieten nondik datorren GuraSOS egitasmoa, eta baita hondakinak errausteak osasunean eduki ditzakeen arriskuak, hainbat txosten zientifikotan oinarrituta.

Duela hilabete aurkeztu zuten GuraSOS egitasmoa talde hori osatzen duten kideek. Denbora horretan, makina bat ekintza egin dituzte. Atzo arratsaldean, esaterako, hitzaldia eskaini zuten Biyak Bat adinekoen egoitzan. Herritar ugari gerturatu ziren ekitaldira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietan eraiki gura duen errauste plantaren inguruan "kezkatuta" dago elkartea. "Proiektua geratzea eskatzen dugu, gure osasunarengan, eta, bereziki, haurrenengan kalterik eragingo ez duela bermatuta egon arte behintzat", zehaztu zuten atzoko hitzaldian. Aipatu zuten errauste planta hori egongo litzakeen gunetik bost kilometro baino gutxiagoko erradioan 25 ikastetxe daudela.

Manifestua

Atzoko solasaldia baliatu zuten baita ere erakusteko zeintzuk ekimen ari diren aurrera eramaten. Horietako bat da manifestua. Idazki bat prestatu du GuraSOSek, Zubietako errauste plantaren proiektuaren inguruan dituzten kezkak azalduz eta ordezkari politikoei "arazoari irtenbidea emateko" eskatuz.