Mosso oroimenezkoa asteburu honetan erabakiko da

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ekainaren 8a

Igandean jakingo dugu nork irabazten duen Mosso oroimenezkoaren XXX. edizioa. Final laurdenak ostiral arratsaldean eta larunbat goizean jokatuko dira; finalerdiak, berriz, igandean. Pasa den asteburuan hasi zen txapelketa.

Insausti-Trumoi, El Punto-Also, Ilargi-TSST eta Izkiña-Txindoki. Lau horiek dira Mosso oroimenezkoaren final laurdenetako neurketak. Aurreneko biak ostiral arratsaldean jokatuko dira, Michelingo areto-futbol kantxan, 19:45ean eta 20:45ean, hurrenez hurren. Beste biak, berriz, larunbat goizean, Udal Kiroldegian. 10:00etan hasiko da Ilargi eta TSSTren artekoa, eta 11:00etan Izkiña eta Txindokiren artekoa.

Sailkatzen diren lau taldeek finalerdiak jokatuko dituzte larunbat arratsaldean, Udal Kiroldegian, 16:00etan eta 17:00etan. Final handia, berriz, igandean, 11:00etatik aurrera.

Iragan asteburuko emaitzak

Oroimenezkoaren lehenengo partiduak pasa den asteburuan jokatu ziren. Honako hauek izan ziren emaitzak: Insausti 9-1 Txoko, Trumoi 4-0 Urdaneta, El Punto 4-0 Reformas Lagunak, TSST 7-3 Viña del Mar eta Izkiña 3-0 Indaux -azken talde hau ez zen agertu partidura; ondorioz, galdutzat eman zitzaion-.