Jesus Zaballos alkatea, Txus Alonso Jaietako batzordeburua eta Rosa Illarramendi eta Xabier Goitia teknikariak San Pedro Jaietako nondik norakoak aurkeztu zituzten Tximistarreta parkean, aurreko ekintzak eta egitaraua antolatzen lagundu duten elkarte eta eragileekin batera.
Txus Alonso Jaietako arduradunak azaldu zuen ekainaren 28an hasi eta uztailaren 2an amaitzen den egitaraua. “Berez, uztailaren 1ean amaitu behar ziren jaiak baina larunbata ere jaietako eguna izatea erabaki genuen, ostalariek ere haien eguna izan dezaten,” azaldu zuen.
Hamaika ekintza
Taldeei dagokionez, uztailaren 1a ostirala Doctor Deseo eta larunbatean, uztailaren 2an, Ken Zazpi izango dira Okendo plazan.
Ostiralean gainera, parranda egiteko aukera izango da Zozongoren Psycho-Clown eta Kolpez Blai emanaldiei esker.
Herriko taldeentzat ere lekua izango da, hala nola, Ibai Berriak taldearekin dantzatu ahalko da Isla Plazan edo Oaintxe in deu txaranga izango da kaleak alaitzen.
Honetaz gain, hainbat ekintza berreskuratuko dira hala nola, haurrentzako bigantxak edo soka-muturra.Eta berriak ere izango dira, Atsobakarreko parkean, zaldi lasterketak eta gizon eta zaldiaren arteko erronka egongo da. Honetan Raul Gomez Margallo herriko korrikalariak parte hartuko du.
Era berean, ekintzak aurrera eramateko gune berriak izango direla aipatu zuen Jaietako batzordeburuak. “Sokamuturra egiteko Elizatze plaza erabiliko dugu eta Jaizkibel plazan aurten dantzatzeko aukera izango da hainbat talderen eskutik”.
Hau guztiaz gain, adin guztiei zuzendutako ekintzak izango direla azpimarratu zuen, “Haurrentzako parkeak Andatza plazan, kale ekintzak herrian zehar...”.
Egitaraua osatzen lagundu duten elkarteek haien ekintzen berri eman eta Rosa Illarramendi Jaietako teknikariak hainbat zehaztapen egin zituen, esate baterako, haurren danborradan “ikustekoak diren” berrikuntzak izango direla.
Omenduak
San Pedro Jaietako omendua ere jakitera eman zuen Txus Alonsok, “aurten Landaberri ikastolak du ohore hori bere 50. urteurrena dela eta”.
Ikastolako haur eta helduak izango dira beraz, txupinetan protagonistak.
Aurrekariak
Baina Jaiak hasi baino lehen, motorrak berotzeko hainbat ekintza izango dira aste hauetan, Scooter Rallya, Alboka Abesbatza, Erketz EDT eta Zero Sette akordeoi orkestraren emanaldiak, San Juan Sua edo Biyak Bat elkarteko joko eta abesbatzaren emanaldia.
Atera blusa armairutik edo kamixetak prestatu, San Pedro Jaiak badatoz eta!!!