Beste garaipen bat poltsikoratu zuen Arteaga II.ak pasa den ostiralean, Ladis Galarza nafarrarekin bikote eginez; 17-22 irabazi zieten Arretxe II eta Apraizi. Pablo Berasaluze pilotari berriztarrak herrian bertan jaso zuen omenaldia; jaialdiko lehenengo partiduan aritu zen lasarteoriatarra.
Primeran ekin zion norgehiagokari Arteaga II.ak, konfiantzarekin, tanto on batzuk eginez. Gero, ordea, Galarzak eta berak egin zituzten zenbait akats, eta pixkanaka, Arretxe II.a eta Apraiz nagusitzen hasi ziren, markagailuan 17-11koa jartzeraino.
Norgehiagokak gorri kolorea zeukan ordurako, baina urdinak ez ziren errenditu, ezta gutxiagorik ere. Arteaga tantoak egin eta egin hasi zen berriro -hamar egin zituen denera-, eta Apraiz ez zen batere fin ibili atzeko koadroetan. Ondorioz, egoera erabat irauli zuten urdinek, eta garaipena poltsikoratu: 17-22.