Beste edozein mugarri ere baleko izango litzateke baina gure kulturan 25 urtekoak, 50 urtekoak eta 100ekoak ditugu erreferentzia. Landaberrik mende erdia egin du haurrak eta ez hain haur direnak eta ginenak hezitzen. Ospatzeko unea da eta errekonozimenduena ere bai. 

Esaera batek dio zirelako garela eta ikastolaren kasua hori da. Batzutan gauzak berez eta betidanik ditugula pentsatuz bizi gara baina gaur egun gozatzen ditugun erakunde, elkarte, eskubide, babes eta onarpen gehienek iturri bat dute, jatorri bat. Landaberrik 50 urteko ibilia ospatu ahal izateko makina batek gogotik egin zuen lan hasiera haietan, guraso eta irakasle batez ere. Batzuk bi taldeetan zeuden, gure ama esaterako. Ikastetxea sortzeko asmoa eta hura gauzatzea ez zen egin diru-laguntzekin, gobernu baten sustenguarekin eta legearen babesarekin. Oso bestela, klandestinitatearen itzalpean eta horrek berarekin duen xarmarekin eraiki zuten gaur egun mila baino ikasle gehiago bere baitan omen dituen Landaberri.

Adin bat bildu dugunok eta han ikasiak garenok uste dut harro esan dezakegula gure bizitzatako aro hori esku onetan iragan genuela. Neska-mutiko bezela eta berdin akademikoki ondo prestatu gintuzten eta ez dugu gainerako ikastetxeetan ikasitakoekin alderatuta gabeziarik batere. 

Orduko xarma lausotuta badu ere, bere handian, “neure” sentitzen dut Landaberri betirako, hamaika bizipen han bizitakoak ditudalako eta oroimenean arakatzen hasita une gozoak geratu zaizkidalako txertatuta.

Zorionak guztioi, bereziki hasierako bultzada egoera zailean eman ziotenei, eta ospatu merezi duen neurri berean.