Hasi da Semblante Andaluz elkartearen Aste Kulturala. Hurrengo egunetan, herritarrek hainbat ekintzaz gozatuko dute. Topa eginez inauguratu zuten, atzo arratsaldean, elkartean bertan, udal korporazioko alderdi guztietako kideak bertan zirela.
Mahaiaren bueltan jarri eta ardoarekin batera mokadutxo bat jan aurretik, lau dantzari gaztetxok euren trebezia erakutsi zuten, beste hainbat kideren ahots, instrumentu eta txaloak lagun zituztela.
Bukatutakoan, alderdi politikoetako ordezkariek eta elkarteko goi-karguek urteroko argazkia atera zuten, ohorezko ardoa eskuan. Topa egin ostean, afari-merienda goxoa dastatu zuten, giro ederrean.
Lehiaketak gaurtik ostegunera bitarte
Semblante Andaluz elkartea izango da Aste Kulturalaren epizentro gaurtik ostegunera arte. Hainbat lehiaketa jokatuko dituzte bertan, arratsaldeetan, 19:30etik aurrera: musa gaur, tutea bihar eta bietako finalak ostegunean, dardo txapelketarekin batera.
Ostiraletik aurrera, kalera
Elkartetik Okendora mugituko da festa giroa asteburuan. Musikak, dantzek, bertsoek eta beste hainbat emanaldik girotuko dute plaza. Era berean, Andaluziako produktuak dastatu ahalko dituzte herritarrek, antolatzaileek jarriko duten barran.
Ostiralean, 19:30ean hasita, astean zeharreko txapelketen sariak banatuko dituzte. Ondoren, Manolo Solis musikariak emanaldia eskainiko du.
Larunbatean Larunbatean, bote txapelketa, haur jolasak eta puzgarriak, dantza herrikoia eta elkarteko Zambra, Gitanillas del Alba eta Duende dantza taldeen emanaldia izango da. Gau aldean, berriz, DJ Freddyk dantzan jarriko du plaza.
Igandean, Xumela eta Semblante Rociero abesbatzen emanaldia, Jon Maiaren bertso saioa, bazkari herrikoia, ‘Tala y su banda’ taldearen emanaldia eta dantza herrikoia izango dira kultur asteari amaiera emanez. Semblante Andaluz elkarteko arduradunek kide eta herritarrei ekintzetara hurbiltzeko gonbita egiten diete.