Gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpaina abian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 27a

Azken urteetan bezala Buruntzaldeko udalek gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz ateratzen duten herritarrak sarituko ditu. Atzo egin zen egitasmoaren aurkezpena Okendo plazan eta bertan izan ziren eskualdeko autoeskoletako ordezkariak. Eskualdeko Udalen izenean Jon Antxordoki zinegotzia aritu zen.

Ekimen honekin lortu nahi da herritarrek esparru honetan ere euskaraz egitea eta pozik azaldu ziren atzoko agerraldian, egitasmoak duen harrerarekin. Izan ere, parte hartzaile kopurua urtez urte gora doala azpimarratu zuten agerraldian. “2015ean 113 izan ziren Buruntzaldea osoan gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz egitera animatu zirenak”, esan zuen Jon Antxordokik.

Sariak

Sariak eskuratzeko baldintza batzuk ditu egitasmoak bertan azaldu moduan. Buruntzaldeko herriren batean erroldatuta egon beharko da, gidabaimenaren atal teorikoa gainditu beharko da 2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitartean, egitasmo honekin lankidetzan diharduen Buruntzaldeko auto eskolaren batean, eta, azkenik, inprimakia beteta entregatu beharko da. Honakoa autoeskolan bertan egingo dute gidari berriek.

Lasarte-Orian, Lasarte eta Mugica auto eskoletako ikasleek parte hartu ahal izango dute ekimenean. Horrez gain, aipatu behar da herritarren batek eskualdeko beste autoeskolaren batean atera nahiko balu aukera duela; Andoaingo Bengoetxea eta Mendi;  Astigarragako Otamendi, Hernaniko Hernani, Lagunak eta Otamendi; eta Urnietako eta Usurbilgo  Solozabal auto eskolak daude egitasmoari atxikita.

Sarien zozketa 2017ko urtarrilean izango dela iragarri zuen Antxordokik aurkezpenean: “10 sari emango dira: Andoainen bi, Astigarragan bat, Hernanin hiru, Lasarte-Orian bi, Urnietan bat, eta Usurbilen bat. Sariek teorikoaren balioa izango dute, gehienez 400 euro”.

Iragarri zutenez, aurki egitasmoaren informazioa jasoko dute etxeetan 2016an 18 urte beteko dituzten gazteek. Hala ere, azpimarratu zutenez, edozein herritarrek eskura dezake informazioa Buruntzaldeko autoeskolatan.