Ostadar SKTren egun handia bihar

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 27a

Denboraldiari amaiera biribila emateko, Ostadar SKTk festa prestatu du biharko. Aurtengoa egun osoko jaia izango da, herriko areto-futbol txapelketaren finalak ere bihar jokatuko direlako.

10:00etan hasiko da kontsolazio finala. Also eta Reformas Lagunak taldeek jokatuko dute, Udal Kiroldegian. Jalguneko lagunen txanda izango da 11:30ean; euren artean partidutxo bat jokatuko dute. Final handia 12:00etan hasiko da; Izkiña eta Txindokik neurtuko dituzte indarrak.

Norgehiagoken ostean, 14:00etan, areto-futbol alorrak antolatuta, bazkaria egingo dute Loidibarren pilotalekuan. Tiketak salgai daude oraindik Cecilia fruta dendan. 16:00etan berriz, herriko txapelketako sariak banatuko dira.

17:00etatik 19:30era kirol guneak (saskibaloia, eskalada, futbola, tenisa...) egongo dira martxan Loidibarrenen. 17:30ean, irteera egingo du Ipar Martxa alorrak.

19:30ean hasita, Ostadarreko talde bakoitzeko jokalari jatorrenei sariak emango zaizkie. Horrekin batera, Euskararen Maratoiak Auzolan saria jasoko du, eta Jon Ander Puertas errugbi jokalariak kirolari onenarena. Hori eta gero, pilotalekuan pantaila erraldoi bat jarriko da, futboleko Champions Leagueko finala ikusteko, 20:45ean.