Elsa Garciak, Xabi Vazquezek, Ander Hazasek eta Eider Iparraguirrek osatzen dute Munduko Imaginarium taldea. Jon Artetxeren 'Beti Iparralderantz' liburuan oinarritutako lanak irudi egokiak, musika aproposa eta narrazioa oso egokia duela azpimarratu zuen epaimahaiak. Hauekin eta haien irakasle Lurdex Etxeberriarekin bildu gara lanari buruz gehiago jakiteko.
Irakasleak adierazi digunez, “lau urte dira lehiaketa antolatzen denetik eta hirutan norbanako saria lortzen duela Landaberriko talde batek, bi urte hauetan jarrain lortu da. Sortzaileak dira gazteak”.
Book trailerra
Galtzagorri elkarteak antolatutako Liburu Gaztea Book Trailer lehiaketarako irudi, esaldi eta musika baten bidez liburu baten argumentua azaldu behar zuten Landaberriko DBHko gazteek.
Taldeak eta Lurdexek aipatu legez, Jon Artetxeren 'Beti iparralderantz' liburua gelan landu zuten.
Liburuak gaur egungo gaia jorratzen du, Afrikako etorkinen bidaia Iparraldera eta beste hainbat gai ere aipatzen ditu, hala nola, islamismoa.
Liburua gustatzea oinarrizkoa dela ere aipatu dute gazteek, baita book trailerraren lana egiteak liburua hobeto ulertzeko balio izan diela ere.
Lanketa eta zailtasunak
Hiru saio izan zituzten lana burutzeko. Horietan esaldiak, irudiak eta musika erabaki behar izan zituzten.
“Liburua irakurri eta kapitulu baten ostean, esaldi bat aukeratu behar zuten,” aipatu du Landaberriko irakasleak.Ostean, talde kooperatiboen lanketan oinarrituta, taldekide bakoitzak berak aurkeztu eta guztien artean batzuk aukeratu zituzten.
“Esaldien progresio bat ere erabaki behar zuten. Zaila egin zitzaien non geratu jakitea. Izan ere, ezin baitute guztia kontatu. Gainera, esaldi gutxi batzuetan kontatu behar dute eta erakargarri egin. Azkenik, irudiekin ere lotu behar dituzte”, azaldu du Lurdexek.
Argazkiekin eta musikarekin ere gauza bera egin zuten eta aukeratzen arazoak izan zituztela adierazi dute: “Hainbat gairi buruzko argazki egokiak bilatzen arazoak izan genituen. Musikarekin ere lan zaila izan genuen ez zegoen gure gustukorik, oso azkarrak edo oso motelak ziren”.
Azken saioan, elementu guztiak batu zituzten Movie maker bidez, baina lana etxean amaitu behar zuten. Eta orduan, arazoak izan zituztela aipatu dute, “argazkiak borratu” eta “artxiboa irekitzeko”.
Arazo horien guztien zergatia Lurdex Etxeberria irakasleak azaltzen digu. “Instrukzioak ez zituzten jarraitu. Iruditzen zaie guztia Play Stationak bezala funtzionatzen duela, makinaren aurrean jarri eta gauzak tita egin daitezkeela. Hau ez da horrela, teknika bat aplikatzea da”.
Guztira hilabeteko lana izan zela aipatu dute gazteek.
Lanak aukeratu
Ostean, beste ikasleen iritzia jaso zuten. Izan ere, taldeko kideek azaldu moduan, DBH1 eta DBH2 milako gaztetxoek egin baitzuten lana. “Guztiek liburu ezberdinak genituen. Gure kasuan, bi gelako kideak sei taldeetan banatu ginen eta beste geletako lanak bozkatu genituen”.
Lurdex Etxeberria irakasleak aukeraketa bat egin eta gela bakoitzak beste gela bateko lanak aztertu zituen. “Egileak nortzuk ziren jakin gabe, gela bakoitzak bere hautagaiak aukeratu zituen eta horiek aurkeztu genituen Ikastetxeen mailara. Horien artean ez zeuden lanei, norbanakoen mailan parte hartzera gonbidatu genituen”, azaldu du.
Lehiaketa
Aurten 21 ikastetxek hartu dute parte. Gipuzkoako DBHko 16 ikastetxek, Bizkaiko 4 ikastetxek eta Arabako 1ek. Guztira, 1.500 bat ikasle izan dira.
241 book trailer lehiatu dira: 230 ikastetxeen mailan eta 11 norbanakoenean.
Epaimahaia Amaia Pavon HUHEZIko irakasle eta ikus-entzunezkoetan adituak, Joanes Urkixo idazle eta gidoigileak, Eva Alberdi Eibarko Juan San Martin Liburutegiko arduradunak eta Irati Zaldua Tolosako Udal Liburutegiko bibliotekariak osatzen zuten.
Taldeak ezusteko handia eraman zuen sarituak zirela jakitean.
“Konfunditu zirela uste genuen”, aipatu dute. “Izan ere, geletako puntuaketetan ez baikenuen irabazi”, atxiki dute.
Baina Lurdexek aipatu legez, epaileek erabakitzen dute. Eta epaimahaiaren ustez Munduko Imaginarium taldearen lanean “irudiak, oro har, egokiak dira. Musika aproposa horrelako liburu batentzat eta narrazioa oso egokia”.
Tabakaleran
Saribanaketa maiatzaren 12an izan zen, Tabakaleran.
Bertan ikastetxe ezberdinetako 200 pertsona bildu ziren, DBH1 eta DBH4 maila artekoak eta bertan izan zen taldea. “Gu txikienak ginen”, adierazten dute.
Ekitaldian beste taldeen trailerrak ikusteko aukera izan zuten eta bertan ikusitako lanen maila harritu zintuela azpimarratu dute: “Batean liburu bat bota eta airean geratzen zen, bitartean neska bat zegoen liburuari buruz hizketan”.
Saria Kristina Fernandez, 'Beti iparralderantz' liburuaren ilustratzaileak eman zien. “Liburuan pisu dexente du bere lanak eta oso interesgarria izan zen berak saria ematea”, aipatu du irakasleak.
Sariari dagokionez, “diploma eskuratzea espero genuen, baina ez horrelako saria”, adierazi dute. Izan ere, e-book bat ere eskuratu baitzuen taldeak.
UBIK ezagutu
Sariaren bigarren zatia, Tabakalerako UBIK sorkuntza liburutegia ezagutzea izan zen, Lurdex Etxeberriak aipatu legez. Bertako gauzak ikusi eta probatzeko aukera ere izan zuten.
“3D inpresora bat zegoen, baina ez genuen martxan ikusi. Bideojokoentzako tarte bat zegoen edo Photoshopean gauzak nola egiten diren ere ikusi genuen, kroma pareta bat ere bazegoen...”, azpimarratu dute gazteek.
Gainera, Landaberriko irakasleak azpimarratu legez, “esate baterako, bertan baliabideak dituzte Book Trailer lehiaketako lanak aurrera eramateko. Ordenagailuak dituzte, asesoria teknikoa eskaini ahal dute. Horregatik, hurrengo urtean lehiaketan parte hartu nahi badute, eta irakaslea animatzen ez bada, haiek bere kasa egin dezakete. Hori bai, liburutegiko bazkide egin beharko dira horretarako”.
Izan ere, irakaslea animatu edo ez, Munduko Imaginarium taldeko laukoteak hurrengo urtean ere lehiaketara aurkeztuko dela argi du.