Manuel Lekuona kultur etxera bertaratu ziren ikusleek gogotik gozatu zuten hiru taldeen emanaldiekin. Lasarte-Oriako kaleetatik egin behar zuten desfilea bertan behera geratu zen, eguraldi txarra tarteko, baina euriak ez zuen zapuztu emanaldi nagusia. Tokiz aldatu zuen, besterik ez; plazan ordez, oholtzan aritu ziren Erketz, Urki eta Makaia taldeak.
Euren errepertorioko onena eskaini zuten atzo arratsaldean. Ekitaldiari hasiera emateko, hiru taldeetako bakoitzeko bi dantzarik agurra dantzatu zuten. Horren ostean, denetik ikusi zuten kultur etxera joandakoek: makil-dantza, ezpata-dantza, Nafarroako dantza tradizionalak...ikusleek ozen txalotu zituzten oholtzaratutako dantza guztiak.
Gaur, gaztetxoenen txanda
Erketzen asteburua ez da bukatu, gaur ospatuko baitute dantzari txiki eguna. Aurtengoa 28. edizioa izango da. 11:00etan, hamaiketako goxoa dastatuko dute Isla Plazan parte hartzaile guztiek: Nafarroako Faltzes herriko Makaia, Oreretako Ereintza, Sestaoko Salleko, Usurbilgo Orbeldi eta herriko Kukukako dantzariak elkartuko dira bertan. Indarrak hartu eta gero, herriko kaleetatik desfilea egingo dute, 11.30ean hasita. Denera, 200 ume inguru ariko direla uste du Erketzek.
Arratsaldean, Okendo plazan elkartuko dira, 16:30ean, eta kalejira egiten hasi. 17:00ak aldera ekingo diote emanaldi nagusiari: Okendon izango da hori. "Talde bakoitzeko bikote batek agurra dantzatuko du aurrena; ondoren, talde bakoitzak dantza pare bat eskainiko ditu, hamar minutu ingurukoak", zehaztu du Gaizka Ormazabal Erketzeko kideak. Asteburuari amaiera biribila emateko, fandagoa, arin-arina eta kalejira egingo dute Okendon bertan.