PSE-EEren, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu dituzte Buenos Aires aldapako espaloiak zabaltzeko eta Goikale-Kale Nagusia-Askorena gunea urbanizatzeko obrak. Lasarte-Oriak Ahal Du abstenitu da eta PPko ordezkaria ez da azaldu. Alkate Jesus Maria Zaballosek azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak finantziatutako obra da, eta jarri duten baldintzetako bat da urtea amaitu aurretik obrak bukatuta egotea. Horregatik, "urgentziazko gaia" dela erabaki dute.
EH Bilduren kritika
Baiezko botoa eman du EH Bilduk. Hala ere, ñabardurak egin ditu bozeramaile Pablo Barriok. Adierazi duenez, Jaurlaritzako aurrekontuak onartzearen trukean PSE-EEk eskuratutako ordaina litzateke Lasarte-Orian obra horiek egiteko finantziazioa. "Azterketa bat egin ostean" laguntza hori ematea erabaki balitz "ondo" ikusiko luketela nabarmendu du, baina "interes alderdikoiak" ikusi dituztela azaldu du. Hala ere, "Lasarte-Oriarentzat onuragarria" delako eta "aurreko legealdian perfilatuta uzti zelako" eman dio baietza proiektuari.
Alkateak erantzun dio "finantziazioa negoziazioaren ondorio izanaren kritika" ulertzen duela, baina nabarmendu du "Legebiltzarrean eztabadaitu beharrekoa" dela. Defendatu du bere Gobernuak egindako lana, "baliabideak bilatu" dituela azpimarratuz. Halaber, pasa den legealdian EH Bilduk "aterik ez zuela jo" salatu du Zaballosek. Bestalde, Barriori bere alderdiak Buenos Aires aldapako eta Goikaleko urbanizazioko proiektuen "kontra" bozkatu zuela gogorarazi zion.
EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu zuen ezezkoa eman zuela orduan "egingarriak ez zirelako", arrazoi ekonomikoak direla medio. "Akordioak lortu izana" ez du kritikatu, baizik eta "dirua era zuzenduan banatzea". Alkateak ez du akusazioa onartu, eta salatu du aurreko Gobernuak "Lasarte-Oriarako bereziki informazioa eskaintzen ez duten komunikabideak" finantziatu izana, Garan jarritako publizitatea aipatuz. Barriok azaldu duenez, "komunikabide askotan jarri zen publizitatea eta ikusi beharko litzateke zein proportziotan".
Liskarrak liskar, LOADren abstentzioa alde batera utzita, batzartu diren talde guztiek onartu dituzte bi obrak.