Energia aurreztea, gure esku

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 20a

Etxeetan energia era jasangarrian nola erabili ikasi ahal izan dute astean zehar Energiaren Kontsumo Jasangarriaren astearen barruko hitzaldi ziklora hurbildu diren herritarrek. Asteartetik ostegunera hainbat hitzaldi izan dira Manuel Lekuona kultur etxean; bihar, berriz, energi azoka izango da Okendo plazan.

Asteartean hasi zen Energia Kontsumo Jasangarriaren astea. Honen bitartez, herritarrek energien kontsumo ekologiko eta eraginkorra egiteko eman ahal diren pausoak azaldu nahi dute Lasarte-Oriako Udalak eta Usurbilgo Lanbide Eskolak.

Asteartean, Hernaniko Kursaal enpresako kideek eraikinietako fatxaden isolatze eta birgaitzeari buruz hitz egin zuten. 

Halaber, Usurbilgo Lanbide Eskolaren Enegur eraikin berria ezagutu ahal izan zen. Eraginkortasun energetikoa kontuan eraikitako espazio dugu hau.

Mertxe Alzuguren Udaleko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoko arduradunak herritarren esku dauden zerbitzuak azaldu zituen asteazkeneko solasaldian.

Honetaz gain, jarraian eskainiko zen gaiarekin lotuaz, gaur egun elektrizitate fakturek sortzen dituzten kexen kopurua handia dela aipatu zuen Mertxek. “Herritarrek ez dituzte faktura elektrikoak ulertzen eta gainera, askotan behar baino potentzia gehiago dute kontratatua. Hemendik hasi beharko ginateke”.

Ostean, Alex Lopez Goiener kooperatibako kideak faktura elektrikoko hainbat kontzeptu ulertzeko giltzak eman zituen. 

Hala nola, Estatuko sistema elektrikoak dituen lau etapa ezberdinak azaldu zituen, ekoizleak, banaketa, komertzializazioa eta kontsumitzailea.

Atzo gure etxean energia kontsumoa nola murriztu azaldu zen. Luis Mari Carballo Alcar Leihoak enpresako kideak etxeko leihoen garrantziaz eta kalitateetaz mintzo zen eta Gorka Apaolaza irakasleak berriz, argiteriari buruz hitz egin zuen. Dauden argi ezberdinak eta hauen kontsumoak.

Energia Azoka

Bihar, Usurbilgo Lanbide Eskolak energia berriztagarrien arloan garatutako zenbait proiektu erakutsiko dituzte Okendo plazan. 

Goiener kooperatibako lagunak ere izango dira herritarrei faktura elektrikoen irakurketa nola egin azaltzen. 

Honetaz gain, Antonio Mercero gunean, Landaberri DBH4ko gazteen argazki erakusketa izango da. Bertan ikasleek asteartean Usurbilgo Lanbide eskolara egindako irteeran ateratako irudiak ikusi ahalko dira. 

Azoka Gipuzkoako Foru Aldundiak, Usurbilgo Lanbide Eskolak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatutakoa da.