Landaberri ikastola, atzerako begirada

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mai. 22a, 16:00

Landaberri Ikastolak 50. urteurrena ospatzen du aurten eta zenbait ekitaldi antolatzeko asmoa du, horien artean erakusketa bat.

Erakusketa hau aurrera atera ahal izateko guraso, irakasle eta ikasle-ohien laguntza behar du urteurreneko lan taldeak “materiala jaso ahal izateko”.

Lan taldeak adierazi duenez, argazkiak eta bideoak, ikasleen lanak (eskulanak, idazlanak…) eta garai ezberdinetako liburuak bilduko ditu.

Materiala jasotzeko lekuak eta datak honakoak izango dira: Garaikoetxea eraikinean, ostiraletan 12:30etik 13:30era eta Landaberri eraikinean, astelehenetan 12:30etik 13:30era. 

Era berean, seme-alabak ikastolan dituzten ikasle-ohiek hauen bitartez bidali ditzaketela azpimarratzen dute.

Lan taldeak entregatzen den materiala ondo identifikatua eramatea (telefonoa eta izena) gomendatzen du, “gero arazorik gabe bueltatu ahal izateko”.

Honekin batera, ikastolan igarotako urteetan izandako bizipenen idatzi laburrak ere jasoko dituzte. Zerbait idatziz gero ondorengo posta-elektronikora, landa50@landaberrikastola.org bidali behar da testua.