Penalti jaurtiketa errondek ez dute jarraitzen inolako logikarik. Gaur eguerdian Aretxabaletako Ibarra kiroldegian gertatutakoa da adibide argi bat. Kantxan ikusitakoagatik, Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek merezi izan du txapeldun izatea, baina arauzko 60 minutuak bukatzean 0-0ekoa erakusten zuenez markagailuak, penalti puntutik erabaki da dena. Eta Power Rangers talde oiartzuarraren alde erori da txanpona: 3-1 irabazi diete urdin-beltzei.
Galdu arren, Gipuzkoako maila gorenean ariko da Edu Menak zuzendutako taldea datorren sasoian. Power Rangersek ere lortu du txartela.
Nagusi lehen zatian
Askoz hobeto ekin dio neurketari herriko taldeak. Intentsitate gehiagorekin kantxaratu dira, gosez, presioa ongi eginez eta baloia azkar mugituz. Aukerak berehala hasi dira iristen, baina ezin izan dute 1-0ekoa ezarri markagailuan. Aipatzekoa da Iñaki Lopezek 17. minutuan egindako jaurtiketa bortitza; atezainak nola-hala desbideratu du baloia, eta kanpora joan da, langa ukitu ostean. Korner ugari ere atera dituzte tarte horretan, eta jaurtiketa benetan arriskutsuak egin ere bai, baina saririk gabe.
Hasierako 20 minutuetako eta bukaerako 10en gidoiak ez dira izan berdinak. Power Rangers taldeko jokalariak arrisku gehiagoz hasi dira iristen Josuren ate ingurura, baina ez dute sortu aukera garbirik. Orekatu egin da partidua, hori bai. Markagailua ez da mugitu, eta 0-0ekoarekin joan dira atsedenaldira.
Golik ez
Lehenengo zati amaierako joera errepikatu da bigarrenean: paretsua izan da oso bi taldeen arteko pultsua. 45. minutura bitartean eduki ditu abagune onenak Power Rangersek. Geldiketa ona egin du Josuk 33.ean, aurkariaren jaurtiketa kornerrera bidaliz. 40.ean, ate aurrean huts egin du talde oiartzuarrak; egia da, dena den, errematea ez duela postura onenean egin. 45.ean, kontraeraso bizkor baten ondoren, Power Rangerseko jokalariak kanpora bota du jaurtiketa.
Hortik aurrera, Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek hartu du berriro neurketaren lema, eta arrisku handiz iritsi da aurkarien ate ingurura. Atezainaren aurrean geratu dira Mikel eta Iñaki, baina ez dute asmatu. Iñakik egindako jaurtiketan bat-biko ederra egin du Mikelekin. Era berean, atezainak kornerrera bidali du Robertok egindako jaurtiketa indartsu bat. Josu atezainak berak ere eduki du aukera on bat, Davidekin beste bat-biko bat egin ondotik, baina gora joan da; jokaldi batzuetan Edu Menarenek erabaki dute atezain-jokalariarekin aritzea, eta ez zaie gaizki atera, arriskua sortu baitute. Golik, ordea, ez dute sartu.
Penaltietako loteria
Gauzak horrela, penalti puntutik erabaki da Gipuzkoako 2. mailako txapelduna nor izan den. Power Rangersek ate barrura bidali ditu egindako hiru jaurtiketak, eta Ostadarrek bitik bat huts egin duenez, hor bukatu da norgehiagoka. Dena den, arestian aipatu bezala, bi taldeek lortu dute txartela datorren denboraldian 1go mailan aritzeko.
Javi Vecilla kapitainak altxa du Gipuzkoako 2. mailako azpitxapeldun izateagatiko garaikurra, eta taldekideekin partekatu gero. Argazkia atera ostean, Aretxabaletara joandako zaleei emandako animoak eta berotasuna txaloz eskertu, eta aldagelara erretiratu dira, merezitako atsedena hartzera, kantxan dena utzi ostean.
19:00etatik aurrera, ISU Leihoak
Gipuzkoako 1go mailako final handia jokatuko du Eneko Molinak zuzendutako taldeak, 19:00etatik aurrera, Aretxabaletako Ibarra kiroldegian baita ere. Pescados Ferreres Anaiak taldea izango dute aurkari. Egindako denboraldi ezin hobeari amaiera biribila ematen saiatuko dira herritarrak. Ea horrela den.