Udaberria ospatuz

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mai. 15a, 22:17

Kolorez jantzi zen ostiralean Lasarte-Oria. Udaberri Festa baliatuz, herriko saltoki eta taberna askok ekintza eta deskontu bereziak prestatu zituzten. Herriko ikastetxeetako haurrak beraien marrazkien bila ibili ziren, eta aurkitu zutenek opari batekin etxeratu ziren.

Ostiralean ospakizun berezia egin zuten herriko merkatariek. Aterpeak eta Lasarte-Oriako Udalak Udaberri Festa antolatu zuten, urtaroa bertan dela ospatzeko asmotan. Eguraldiaren iragarpenak ez ziren oso baikorrak, baina eguzkiak, azkenean, ez zuen festa galdu izan nahi.

Herriko komertzio askok deskontu eta eskaintza bereziak aplikatu zituzten. Halaber, kaleak alaitu zituzten kalejirekin, batukadarekin eta haurrentzako puzgarriekin.

Marrazkiak dendetan

Herriko umeek Lasarte-Oriako txoko kuttunenak marraztu dituzte, eta saltokietan jarri dituzte erakusgai. Astean zehar, eurena aurkitzen zutenek opari berezia jaso zuten.

Guztira, 915 marrazki bildu zituzten,37 saltoki eta tabernetan banatuta.

Tailerrak

Merkatari batzuek tailerrak antolatu zituzten herriko txikientzako. Ormazabal loradendak loregintza ekintza prestatu zuen gerturatu ziren haurrentzako.

Ola markoztatze dendak marrazkiak egiteko txokoa egokitu zuen, eta hiru onenei markoa oparitu zien. Olmi mertzeriak, bere aldetik, josketa tailerra antolatu zuen, ume eta helduentzat. Kattagorri jolasdendak ere txikientzako gunea egokitu zuen, eta plazan jolasean ziren ume ugari gerturatu ziren marraztera eta txapak egitera.

Festa giroa

Asteburu gogoz ziren herritarrak eta Udaberri Festak jarritako giroarekin arratsalde atsegina igaro zuten. 

Dinbi Banda kalejirak herriko kaleak astindu zituen arratsaldean, eta Oaintxe In Deu txaranga Arkupe taberna ingurua girotu zuen afalordua iritsi aurretik.

Haurrentzako puzgarriak jarri zituzten Loidibarren frontoian. Juan XXIII eta Isla plazetan jartzekoak ziren hasiera batean, baina euria egiteko aukera zela eta, estalpera eramateko hautua egin zuten antolatzaileek. Dena den, haur eta gurasoz bete zen frontoia.