Lasarte-Oria kontakt dantzaren topagune

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 15a

Kontaktuaren eta elkar ekintzaren bitartez inprobisaziozko dantza da Kontakt Inpro. Jatorri anitzetako dantzari ugari gerturatu dira asteburuan Lasarte-Oria Euskal Herriko Kontakt Inpro III. Topaketara.

Ostiral arratsaldean iritsi ziren dantzariak Sasoeta ikastetxeko gimnasiora. Bertan egin dituzte asteburuko ekintza gehienak. Elkar ezagutzeko ekintzen ostean, lehenengo ‘jamak' dantzatu zituzten.

Malen Posseren ‘Slow motion' eta Alba Ajaren ‘Tximelen emanaldiek hasi zituzten larunbateko dantzak. 

Bazkalostean, Euskal Herriko Kontakt Inpro Elkarteak asanblada orokorra egin zuen. Behin amaituta, Amaia Lopezek ‘Itsu itsuan' dantza aurkeztu zuen.

Egunari amaiera egokia emate bidean, Jalgi kafe antzokian antolatutako festan aritu ziren dantzan nekatu arte.

Andoni Mutiloaren ‘Zentrotik periferiara’ emanaldiarekin hasi zuten igandea. Lehen aldiz, Lasarte-Oriako kaleetan dantzatu zuten eguerdian. 

Prozesio ixil batean Okendo plazara abiatu ziren. Bertan zirkulu handi bat osatu eta inprobisazioari ateak ireki zizkioten. Eguraldia lagun izan zuten, eta kalean zeuden herritar ugariek ikusmiraz jarraitu zuten dantza saioa.

Antolatzaileek azaldu zutenez, leku askotako dantzariak etorri ziren Lasarte-Oriara. Euskal Herriko txoko askotatik gerturatzeaz gain, Toulouse-ko, Kataluniako eta Gijoneko jendea izan dugu herrian. Harremanak estutu dituzte, hurrengo batean bisita bueltatu ahal izateko.