Maialen Chourraut seigarren Europako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 15a

Sentsazio gazigozoekin bukatu zuen Maialen Chourraut herritarrak Europako slalom txapelketa. Seigarren postuan amaitu zuen, eta adierazi zuenez “pozik” zen finala lehiatzeagatik, baina aldi berean “triste” jauzi batean egindako “akatsarengatik”.

Ez du txapelketa xamurra izan bakarkako K1 modalitatean Chourrautek. Hamazazpigarren izan zen sailkatze fasean, eta bere esanetan “ozta ozta” sailkatu zen finalera.

Finalean Melanie Pfeifer alemaniarrarengandik 3.88 segundura helmugaratu zen; sailkapen nagusian seigarren.

Zortzigarren taldekakoan

Taldekako txapelketan, Irati Goikoetxeak, Marta Martinezek eta Chourrautek berak osatu zuten taldea zortzigarren izan zen, urrezko domina irabazi zuen Britania Handiko taldeak baino 15.29 segundu motelago iritsi baitziren.

Riora begira

Eslovakiako Liptovsky hirian jokatutako Europako txapelketan dominarik eskuratzea lortu ez duen arren, denboraldiko erronka nagusia udaran etorriko da.

Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan lehiatuko da beste behin Chourraut. 2012an Londonen brontzezko domina irabazi zuen lasarteoriatarrak. Zaila izango du balentria errepikatzea, baina ilusioz ekingo dio erronkari, ziur.