Txirrinka ekimenarekin bat egin du Aire Garbia plataformak. “AHT eta tokian tokiko proiektu txikitzaileak” salatu nahi dituzte Hego Euskal Herriko lurraldeak zeharkatuko dituen bizikleta martxarekin. Lasarte-Oriako kasuan, errauskailuaren aurka egingo dute bereziki.
Gipuzkoako ibilbidea maiatzaren 20an hasiko dute Hendaiako Santiago zubitik. Lasarte-Oriara 21eko eguerdiko 13:00etan iritsiko da, eta zubietarren eskutik hartuko dute Aire Garbiako kideek testigua Eusko Treneko geltokian. Lasarteoriatarrek, ondoren, Hernanira eramango dute.
Ibilbide osoa egin ahal izango dute interesa dutenek. Ostiralean eta larunbatean lotarako espazioak jarriko dituzte, Antiguoko Txantxarreka gaztetxean eta Urretxuko aterpe batean. Gosari eta afariak ere emango dituzte, baina izena eman behar izango da ahtgelditu@ahtgelditu.org posta elektronikora izena emanez.
Bergaran amaituko da Gipuzkoako Txirrinka igandeko 11:30ean.
Azaldu dutenez, tarteak “edozeinek egiteko modukoak dira”, zazpi edo zortzi kilometrokoak gehienak. Erritmo motelean joango dira, eta nabarmendu dute “prestakuntza berezirik” ez dela behar izango.
Arriskuak jakitera emanez
Larunbatean erraustegiaren eraginei buruzko orri banaketa egin zuten Gipuzkoako herri askotan; baita Lasarte-Orian ere, Aire Garbia plataformako kideen eskutik.
Hiru mezu zabaldu zituzten: erraustegiak minbizi arriskua areagotzen duela –Carlos III Unibertsitateko ikerketa bat aipatuz–, ikuspegi ekonomikotik begiratuta “lapurreta” izan dela, eta zabortegiak ez direla “konponbidea”.
Bide batez, hilaren 29an errauskailuaren kontra Donostian egingo den gizakatean parte hartzeko deia luzatu dute. Lasarteoriatarrei Easo plazatik Londres hotelerainoko tartea egokitu zaie, eta gutxienez 500 herritar bildu nahi dituzte.