Elkartasuna kantuz adieraziz

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 16a

Elebeltz Topaguneari babesa erakusteko jaialdia ospatu zuten larunbatean. Goizez, Xumela eta Rezibatukadaren arteko kantujirak herriko kaleak zeharkatu zituen. Galiziako Solfa koruaren bisita jaso eta elkarrekin abestu zuten. Gauean, berriz, kontzertuak.

Solfa koru galiziarraren bisita jaso zuten Xumela abesbatzako lagunek larunbatean. Goizetik girotu zituzten herriko kaleak Elebeltzeko Rezibatukadaren laguntzaz. Euskal kanta tradizionalak eta batukada erritmoen arteko nahasketa bereziarekin gozatu zuten herritar askok, euria alde batera utziz.

Galiziarrak Albaolan izan ziren goizean eta eguerdi aldera iritsi ziren Lasarte-Oriara. Kukukako dantzariek Geltoki kalean agurtu ondoren, Mikel Laboaren “Txoria txori” abestu zuten. 

Okendo plaza eta erdiguneko kaleak alaitu zituzten, euskarazko eta galizierazko kantak abestuz.

Elkartasun jaialdia

Elebeltz Topaguneari elkartasuna adierazteko asmoz, jaialdia antolatu zuten arratsaldean. Goizean lagun galiziarrekin eta Xumelarekin kantuan aritu ostean, bazkari beganoa prestatu zuten.

Behin tripak beteta, Tony Magoak magia erakustaldia eman zuen. Musikak txanda hartu zuen, ondoren; Pelax, Gabezia, Hilotz, The Garax eta Rukula taldeen kontzertuekin.