Gehiegizko zigorra ISUrentzat ere

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 16a

Azkenean ez zen txapeldun lasarteoriatarrik izan larunbateko Gipuzkoako areto-futbol finaletan. Lehenengo eta bigarren mailetakoan aritu ziren ISU eta Cecilia Kebab Lasarte Ostadar, hurrenez hurren. Penaltietan galdu zuten biek.

Pescados Ferreres talde pasaitarra izan zuen aurrean Eneko Molinaren taldeak, larunbat arratsaldean. Norgehiagokaren hasieratik bi taldeek eduki zituzten aukerak, baina pasaitarrek sartu zuten 1-0ekoa. ISU ez zen behera etorri, ordea, eta Alvarok sartutako bi golei esker abantailarekin joan zen atsedenaldira -lehenengo zatia bukatzeko bost segundo falta zirenean sartu zuten herritarrek 1-2koa-.

Bigarren zatiari sendo ekin zioten lasarteoriatarrek, eta aldea handitu markagailuan, Alvaro Benjumeak berak kalitate handiz sartutako gol bati esker.

Hamar minutu falta zirenean, pasaitarrek erabaki zuten atezain-jokalaria ateratzea, eta apustua primeran atera zitzaien, bigarren zatia amaitu aurretik norgehiagoka berdintzea lortu baitzuten. Gauzak horrela, goizean Ostadarren norgehiagokan gertatu bezala, penaltietan erabaki zen neurketa. 

ISUko jokalariek hirutik bi penalti sartu zituzten, eta pasaitarrek berriz, ez zuten hutsik egin. Hortaz, Pescados Ferreres izan da Gipuzkoako 1go mailako txapelduna, eta Euskal Ligara igo da.

Eneko Molinak zuzentzen duen taldeak egindako partidu bikaina aitortu zuen antolakuntzak. Izan ere, Lander Martin kapitainari eman zioten finaleko jokalari onenaren saria. Dena den, ISU ez da konformatuko partidu bikaina egitearekin, eta are indar gehiagorekin itzuliko dira datorren denboraldian, aurten penaltietan ihes egin dien Gipuzkoako txapel hori lortzeko asmoz.