Lasarte-Oriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak online datuen lankidetza sendoa egingo dute sinatu den akordioa dela eta.
Informazio, administrazio eta kudeaketa elektronikoko zerbitzuak partekatuko dituzte. Era honetara, datu-ziurtapenak eskatu beharrik izan gabe egingo dira izapide administratiboak.
Eusko Jaurlaritzak azaldu moduan, "erabiliko den Elkarreragingarritasun Sistemari esker, paperezko ziurtagirien eta gainerako agirien ordez datu-transmisio elektronikoak erabiliko dira, partekatutako informazioaren benekotasun, osotasun, isilekotasun, eskuragarritasun eta kontserbazio baldintzak bermatuta".
Lau urteko lan-hitzarmena da eta urtez urte luza daiteke. Gehienez hamabost urtez egon daiteke indarrean.
Onurak
Honetaz gain, herritarrentzat eta erakundeentzat onurak ekarriko dituela ere adierazten da.
Hitzarmenaren bitartez, herritarrei eskainitako zerbitzua hobetuko eta erraztuko da.
Era berean, administrazioen eraginkortasuna hobetuko da, kostuetan eta egoitzetan aurreztuko da, lan-zama arinduko da eta informazioaren kalitatea hobetuko da.
Harreman elektronikoa ahalbideratu
11/2007 Legea betetzeko urrats bat gehiago eman dute bi erakundeek. Honen arabera, administrazio publiko guztiek haiekin harremanetan jartzeko bide elektronikoak erabili ahal izatea bermatu eta beren artean informazioa trukatu behar dute, herritarrek izapide administratiboak errazago egin ditzaten.
Lasarte-Oriako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren ustetan, "beharrezkoa da administrazio elektronikoa azkar eta modu eraginkorrean garatzea, herritarren eta administrazioen arteko harreman elektronikoa ahalbideratzeko".