Gerraosteko heziketa sistemari kritika, oholtza gainean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 7a

'El florido pensil, Neskak' antzezlana oholtzaratu zuen atzo gauean Ttanttaka taldeak, Manuel Lekuona kultur etxean. Andres Sopeña Monsalvek sortutako obrak arrakasta handia eduki zuen 90. hamarkadan, eta herritarrek ostiralean ikusi ahal izan zutena horren moldaketa bat da.

Mireia Gabilondo eta Fernando Bermesen gidaritzapean, maisuki aritu ziren oholtza gainean Elena Irureta, Loli Astoreka, Itziar Lazkano, Teresa Calo eta Gurutze Beitia aktoreak.

Antzezlanean kontatzen dira Espainiako gerraostean zehar indarrean egon zen heziketa sistemaren “basakeria burugabea eta ilogikoa” jasan zuten neska koadrila baten gorabeherak. Garai horretan heziketan ezarri zen ideologiak “Erdi Aroko patriarkatu sakonena” berreskuratu eta “azken ondorioetaraino ezartzea" erabaki zuen; ekintza moralizatzaile horren jomuga emakumeak izan ziren. Aipatu hezkuntza eredu horri kritika egitea bilatzen du antzezlanak, eta baita lortu ere, ikusleek obraren eszena bakoitzean ikusi ahal izan zuten lez.

Txalo zaparrada luzea eskaini zieten bukaeran antzezleei, haien lan onari eskerrak emanez.