'Gaurkoa ikusita, nolakoa izango da, ba, finala?'. Galdera hori buruan zebilkiela etxeratu zen atzokoan zale bat baino gehiago. Benetan zirraragarria izan zen ISUren eta Hirukideren arteko neurketa. Denetik eduki zuen: tentsioa, intentsitatea, jokaldi onak, polemika, eta, nola ez, golak. Arauzko 60 minutuak bukatzean Eneko Molinaren taldeak bat gehiago sartu zuenez -3-2 irabazi zuen, Pablo, Lander eta Jon Arozenaren golekin-, final handirako txartela poltsikoratu zuen, merezimendu osoz.
Astebete dauka orain herriko taldeak indarrak hartu, sailkapena ospatu eta partidu erabakigarria prestatzeko. Garrantzitsuena lortu dute: bertan egotea. Aretxabaletako Ibarra kiroldegian eman beharko dute azkeneko urratsa, 19:00etan hasita. Pescados Ferreres edo Lauburu KE izango dute aurkari. Gaur jokatuko dute bi talde horiek bigarren finalerdia, 16:30etik aurrera, Pasaian.
Hasiera zoroa
Minutu bat ere ez zen pasa ISUk lehenengo albiste txarra jaso zuenean. Zaintiratu bat tarteko, aldagelara joan behar izan zuen Aitor Hernandok, min hartuta. Ezusteko horri berehala eman zioten buelta Eneko Molinarenek, ordea. Izan ere, Pablok 1-0ekoa sartu zuen 4. minutuan. Zoramena harmailetan. Hurrengo minutuetan, berriz, urduritasuna, tentsioa. Hirukidek gogotik estutu zuen, eta aukeraren bat edo beste sortu ere bai. Fin ibili zen Jon Merino atezaina.
Minutu horiek pasata, ISU arrisku handiarekin hasi zen hurbiltzen Hirukideren ate ingurura. 12 eta 13. minutuetan bi abagune garbi eduki zituen Javi Solchagak, baina ez zuen ate aurrean asmatu. 1-0ekoari ongi eutsi zioten etxekoek, 23. minutura arte. Baloia area ertzean jaso, defentsa atzean utzi eta maisuki gurutzatu zuen baloia Hirukideko jokalari Borjak.
Min eman zion gol horrek ISUri, baina ez zuen etsi, inolaz ere. 28. minutuan iritsi zen partiduko jokaldi polemikoena. Unai Ituartek arerioen area barruan sartu, eta, atezainak, baloia berreskuratu nahian, falta garbia egin zion. Epaileek, baina, ez zuten txistua jo. Eta nola diren gauzak, hurrengo jokaldian 1-2koa sartu baitzuen Julenek. Atsedenaldira emaitza horrekin joango zirela zirudienean, hogei segundoren faltan binakoa ezarri zuen markagailuan Lander Martinek, aldaratze bat baliatuz.
Sailkapena, faltaz
30 minutu faltan, eta dena erabakitzeke. Horrela ekin zioten bigarren zatiari ISUk eta Hirukidek. Bi taldeen arteko joan-etorriak konstantea izaten jarraitu zuen, eta aukerak eduki zituzten bi taldeek markagailuan aurretik jartzeko.
ISUk lortu zuen hori, ordea. Gauza gutxi geratzen ziren ikusteko atzo Udal Kiroldegian: falta jaurtiketa bidezko gol bat zen horietako bat. Horrelaxe sartu zuen 3-2koa Jon Arozenak, maisuki. Eskuadra guztitik sartu zen baloia, harmailetako zaleen gozamenerako. Zazpi minutu besterik ez ziren falta. Tarte horretan markagailuari eustera bideratu zituzten ahaleginak etxekoek, eta baita lortu ere. 3-2ko emaitzarekin, final handian da ISU. Azken urratsa ematea baino ez zaie falta.
Fitxa teknikoa. ISU: Jon Merino, Pablo Izquierdo (1), Aitor Hernando, Lander Martin (1), Roberto Garcia (hasierako bostekoa). Jokatu zuten baita ere Arkaitz Arroyok, Andoni Altolagirrek, Unai Ituartek, Javi Solchagak eta Jon Arozenak (1). HIRUKIDE: Eneko Legarra, Iñigo Iñurrita, Julen Zubizarreta, Iñaki Ugartemendia, Guillermo Zumeta (hasierako bostekoa). Gero ere aritu ziren Borja Galarza, Iker Garcia, Aritz Otaegi eta Imanol Landa.
Cecilia Kebab Lasarte Ostadar, zure txanda
Atzo ISUk lortutakoa errepikatzen saiatuko da gaur Gipuzkoako 2. mailan ari den Cecilia Kebab Lasarte Ostadar. Igoerarako kanporaketetarako sailkatu da. Finalerdiak gaur jokatuko ditu, liga erregularreko txapelduna izan den Gamon Akerren kontra. Oreretako Beraun pilotalekuan jokatuko dute, 20:00etatik aurrera.
Sortu zenetik bigarren denboraldia dute aurtengoa Edu Menaren mutilek, eta bigarrenez jarraian kategoriaz igotzeko lehiatuko dira. Iaz 3. mailatik 2.era igo ziren. Ea aurtengoan balentria errepikatzerik duten. Horretarako, baina, ezinbestekoa dute gaur irabaztea.