Gorka nagusi Michelinen (22-11)

Txintxarri Aldizkaria 2016ko maiatzaren 7a

Merezita sailkatu da Gorka Esteban Promozioko eskuz banakako finalera. Arteaga II.a baino dezente finago aritu da, eta apenas eduki du aukerarik herritarrak partiduan sartzeko. Azkenean, 22-11. Beste batean beharko du.

Promozioko eskuz banakako txapelketak badu lehenengo finalista: Gorka Esteban. Errioxarra nagusi izan da Michelinen, eta mendean hartu du Arteaga II.a. Herritarra ez da eroso sentitu kantxan, eta abagune gutxi eduki ditu eskuetan daukan jokoa erakusteko. Azkarregi amaitu nahi izan ditu zenbait tanto, beste batzuk maisuki bukatu ditu Gorkak, eta, lasarteoriatar gazteak erreakzionatu nahi izan duenerako, beranduegi izan da. Azkenean, 22-11.

Aurreneko tantoetatik ikusi da arratsaldea ez zela samurra izango Arteaga II.arentzat, eta horrela baieztatu da gero ere. 2-1eko tantoa izan da adibide garbi bat: sekulako zartakoa eman dio pilotari herritarrak, baina sabaian jo eta Gorkarentzat izan da tantoa. Ongi eta konfiantzarekin hastea beti da lagungarria, baina txanpona ez zaio gaur alde erori Arteagari. 

Michelinera bertaratutako zaleek, hala ere, ez diote pilotaria animatzeari utzi. "Axier, Axier, Axier Arteaga!" oihuak behin eta berriro entzun dira pilotalekuan. Onetan zein txarretan, hor egongo dira zaleak, herritarra hauspotzen.

Ohartzerako, berandu

Zaleak, kazetariak eta pilotariak berak konturatzerako, 12-3 goitik zen Gorka. Tanto batzuk maisuki bukatu ditu errioxarrak, eta Arteagaren hutsak baliatu besteetan. Ezkaraikoaren sakeak erantzuten lanak izan ditu herritarrak, eta zenbait pilota erraz utzi dizkio Gorkari. Eta honek ez du barkatzen. Markagailu horrekin eseri dira atseden hartzera, gaurkoan bigarren aldiz.

Dinamika ez da gehiegi aldatu gero ere, eta markagailuak 21-7koa markatzen zuenean jaso ditu txaloak Gorkak, azkeneko sakea egitera joan denean. Txalo horiek, ordea, Arteagarentzat izan dira berehala. Erreakzionatu egin du herritarrak, erakutsiz ez zuela berehalakoan emango amore. Lau tanto egin ditu herreskan, errepertorio anitza erakutsiz: ezker gantxoa zabalera, buruz gain, zabalera berriro ere... Zaleek gogotik txalotu dituzte herritarraren jokaldiak, baina gehiagoren desioan geratu dira, hurrengo tantoan huts egin eta 22-11koa igo delako markagailura. 

19 urterekin zure zaleen aurrean Promozioko finalerdi bat jokatzea asko baloratu beharrekoa da. Arteaga II.ak lortu du hori. Finalerdietan sartu zen baita ere eskuz binakakokoan. Eta hori, debutaren urtean. Ez dezala inorrek ahaztu.

Victor ere, jaun eta jabe

Esteban anaien jaialdia izan da gaur arratsaldekoa. Gorka nagusi izan bada, zer esan Victorri buruz. Nahi duena eta gehiago egin du aurreko koadroetan, eta Ibai Zabalarekin batera, garaipen argia erdietsi du Elezkano II.a eta Untoriaren kontra. Azkenean, 8-22.

Sasoi onean da errioxarra, gaurkoan erakutsi duenez. Denboraldi oso ona ari da egiten, eta buruz burukoan Jokin Altunak 22-3 egurtu bazuen ere, ezin da ahaztu binakakoan egindako txapelketa txukuna, Berasaluze ordezkatu bitartean. Gertutik jarraitu beharko da Esteban familiako txikiena.

Bergara aurreratu da

Gaur goizean ekin dio Lasarte-Oriak aurtengo herriarteko txapelketari, Michelingo pilotalekuan. Final hamaseirenak ari da jokatzen Bergararen aurka, eta azken horrek hartu du aurrea kanporaketan, 1-2. Kadete eta jubeniletan galdu egin dute herritarrek, eta irabazi seniorretan. Hurrengo errondara sailkatzeko bi aukera dituzte lasarteoriatarrek: datorren astean hiru norgehiagokak irabaztea, edo, bestela, gutxienez bi. Bi irabazita ere, hamabi tantoko alde negatiboari buelta eman beharko liokete pilotariek. 

Julen Urrozola eta Alex Etxeberria kadeteak izan dira jokatzen lehenak. Lasarte-Oriak bazuen itxaropena bikote horrengan, baina ezin izan dute 1-0ekoa ezarri kanporaketan; 20-22 galdu dute. Urruzola eta Etxeberria ongi aritu diren arren, atzelari bergararra gehiago izan da. Ondoren, Jagoba Mendizabal eta Eneko Sarasola jubenilen txanda izan da. Bergararrek ez diete eman aukerarik, eta 22-9 irabazi dute.

Eskerrak Jon Pello Artetxe eta Mikel Elola seniorrek euren norgehiagoka irabazi duten, kanporaketa erabat maldan gora geratuko litzateke bestela. Orekatua izan da partidua, paretsua, baina balantzak herritarren aldera egin du azkenean. Polita izan da lehia aurreko koadroetan, eta ikusleek tanto benetan onak ikusi ahal izan dituzte. Atzekoetan, nagusi izan da Mikel Elola, eta Lasarte-Oriak kanporaketako aurreneko puntua poltsikoratu du. Bergaran, datorren asteburuan erabakiko da nor sailkatuko den final zortzirenetarako.

Gaurko partiduen argazki galeria